argia.eus
INPRIMATU
Eskolara bizikletan
  • Eskolara oinez edo bizikletan joateko ekimenak emaitza onak eman ditu Hendaiako San Vicent ikastetxean, eta herri osoko ikasle, irakasle eta gurasoei zuzendutako proiektua abiatu du orain RecyclArte elkarteak: helburu dute, besteak beste, autoari alternatibak bilatuz ibilbide seguruak bermatzea, ikasleen independentzia sustatzea eta eskola inguruak eremu baketsu bilakatzea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko otsailaren 01a
Haur eta gurasoz osatutako bizikleta-busa Hendaian, eskolara bidean (argazkia: RecyclArte)

“Beste modu batera joan nahi duzu eskolara?” gonbidapena eginez eman du proiektuaren berri RecyclArtek: gutxienez bi urteko proiektua aurreikusi dute Hendaian, autoaren alternatibak bilatu eta eskolara joan-etorria modu seguruan egitea xede. Hainbat helburu zerrendatu dituzte: guztientzako bide seguruak bermatzea, ikasleak euren bidaietan independenteago izatea, ingurumena babestea, eskola inguruko eremua baketsuagoa izatea –auto-ilara eta pilaketak saihestuz– eta auzoaren bizi kalitatea hobetzea.

Horretarako, herriko hezkuntza komunitate guztiei dei egin die elkarteak, astearte arratsalde honetan gaiaz eztabaidatzeko, 18:00etan San Vicent eskolan bertan. Hendaiako Herriko Etxearen, Herri Elkargoko Mugikortasun Sindikatuaren eta San Vicenten laguntza ere izango du proiektu honetan RecyclArtek.

Txirringak konpondu eta bigarren bizitza bat ematen die RecyclArtek. Tailer ugari ere ematen ditu, bizikletaren mantenuan eta erabileran trebatzeko, besteak beste.