argia.eus
INPRIMATU
Eskolan zenbat eta lehenago ingelesez, orduan eta kaskarrago gaelikoz
  • Gaelikoa gehien hitz egiten den Irlandako eskualdeetan ere larri dabiltza. Etxean gaelikoz aritzen diren haurrak eskola elebidunetan nola moldatzen diren aztertu dute, eta datuek diote ingelesa hobeto menperatzen dutela, euren hizkuntza baino.

ARGIA @argia 2014ko abenduaren 12a
Gaelikoaren erabilera orokorrak behera eginda, haurrek nekez mantentzen dute etxeko hizkuntza. Argazkia: The Irish Times

The Irish Times egunkariak Analysis of Bilingual Competence: Language Acquisition among Young People in the Gaeltacht liburuaren berri eman du.

Ikerketan, gaelikoak indar handiena duen guneetako (Gaeltacht deitzen zaie) 50 familiatako haurrei jarraipena egin diete, gaitasun linguistikoak neurtzeko.

7 eta 12 urte bitartekoak dira, etxean gaelikoz egiten dute eta ikastetxean gaelikoz eta ingelesez.

Ikerketaren ondorio nagusia ondokoa da: eskolan bi hizkuntzekin goiz hasita, etxeko hizkuntza gutxiagotua dutenak irabazten baino galtzen ateratzen dira.

Alegia, gaeliko hiztunak diren haurrek beraien hizkuntzan gaitasuna galtzen dute eta ingelesez hobeto moldatzen dira.

AEBetan gaztelaniarekin antzekoa gertatzen da

Antzeko zerbait gertatzen da gaztelaniaz egiten duten Amerikako Estatu Batuetako ikasleekin. Eskolan bi hizkuntzetan goiz hasiz, etxekoa galtzen hasten dira.

Egunkari irlandarrak dioenez, gaeliko hiztunekin gertatzen denaren tankerakoa da, gaztelania, kasu honetan, hizkuntza gutxiagotua delako. Aldiz, lehen hizkuntza indartsua duten umeak eskola elebidunetan hezita, ez dute beraien hizkuntzan inolako galerarik jasaten.

The Irish Times agerkariak eskolan gertatzen denaz harago begiratzen du eta esaten du, nahiz eta gaeliko hiztunak indartsuen dabiltzan guneez aritu hizketan, gizarte erabilera behera ari dela egiten, eta beraz, gazteentzat gero eta zailagoa dela hizkuntza ondo barneratzea. Etxeko transmisioaren, hiztun komunitatearen eta hezkuntzako egituren harreman-hausketa aipatzen du.