Bigarren Hezkuntzan sexu identitatea eta aniztasuna umore ukituarekin eta sakon lantzeko, bost bideo egin ditu Naizen adingabe transexualen familien elkarteak. “Ikastetxeetan baliabideak behar dituzte gai hauek lantzeko eta irakasleak ez dira jorratzeko gai sentitzen. Hau lehen urratsa izan da eta hemendik aurrera unitate didaktiko osoa eraikiko dugu”, azaldu diote ARGIAri elkartetik.
DBHko ikasleei zuzendutako bideoen gaiak eta izenburuak honakoak dira: Sexu ezaugarriak, Sexu identitatea, Sexu aniztasuna, Nahasketa batzuk eta Elkar zainduz. Urtarrilaren 28an eta otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an joango dira bideoak argitaratzen, Naizen elkartearen sareetan. Gai hauek jorratzeko hezitzaileek materiala behar dutela eta aspalditik eta gero eta gehiago eskatzen dizkietela kontatu digute elkartetik: “Unitate didaktikoak sortzen hasi ginen eta unitate horiek ikus-entzunezko oinarri bat behar zuten. Hau lehen urratsa izan da”.
Ikasle txikienekin ere sexualitatea lantzeak duen garrantzia aipatuta, erantzun digute urratsez urrats doazela, eta premia handiagoa dagoela DBHn: “Haur eta Lehen Hezkuntzan baliabide gehiago daude (ipuinak, bideotxoak, komikiak...) eta sakontasun maila hain handia ez denez, irakasleak ere errazago moldatzen dira”.
"Bideo hauetan bizitzan eman daitezkeen egoera errealak islatu nahi izan ditugu, eta umorearen bidez errazago iritsiko zaiela pentsatu dugu"
Aitziber Garmendia, Kepa Errasti eta Garazi Urkola protagonista dituzten bideoei umorea darie. Naizenen garbi dute: “Gazteengana hurbiltzeko txapa teorikoa ezin dugu eman, horregatik ikastetxeetara joaten garenean, helduak bertaratu aurretik gure gazteak joaten dira euren bizipenak ikasleekin partekatzera, berdinen artean egiten denean errealagoa egiten baitzaie. Hortik abiatuta, bideo hauetan bizitzan eman daitezkeen egoera errealak islatu nahi izan ditugu, eta umorearen bidez errazago iritsiko zaiela pentsatu dugu”.
Zerk egiten gaitu emakume, zerk gizon?
Umoreak ez dio, baina, sakontasunik kentzen gaiari. Lehenengo bideoan familia batek eztabaidatzen du zein ezaugarrik egiten duten pertsona bat gizon eta zein ezaugarrik emakume, abiapuntu horrek gogoetara daramatza protagonistak. Segidan bideoaren zati txiki bat baino ez:
Bideo osoa (Sexu ezaugarriak) urtarrilaren 28an Naizen elkarteak egingo duen urteroko jaian aurkeztuko dute, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen eraikin nagusian. Ekintza ugari prestatu dituzte eta tartean Naizenen kamisetaren diseinu irabazlea jakinaraziko dute. Urtero egin ohi denez, “2015ean zortzi familiak bide honi ekin ziotenetik lortutako guztia errepasatu eta aniztasuna baliotzat duen gizarte bat lortu arte aurretik dauden erronkak” gogoratuko dituzte, “haur eta gazteen transexualitatea oztopo-lasterketa bat ez izatea lortu arte oraindik lana baitago”.