argia.eus
INPRIMATU
Eskolaldi jarraitua, zeinen mesedetan?
  • Eskolaldi zatitutik jarraitura igarotzeko hainbat ikastetxeren erabakia zalaparta eragiten ari da Nafarroan. Salaketa egin du guraso talde batek: Haur Hezkuntzatik ikasleei eskolaldi jarraitua eginaraztea da jarraian ordu gehiegi sartzea, berandu bazkaltzea, bizikidetza apurtzea eta ikasleen arteko arrakala areagotzea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko azaroaren 23a

Iruñeko Amaiur ikastolako guraso talde batek kritikatu du eztabaidarik gabe hartu duela erabakia zuzendaritzak. “Esan digute arratsaldeko orduak ez direla oso eraginkorrak, baina argudiorik ez dute eman; aldiz, umeak sei orduz jarraian eta 25 minutuko atsedenaldiarekin eguerdiko orduetan erabat kontzentratuta egonen direla uste dute”. Guraso taldearen esanetan, ikerketa zientifikoek agerian jartzen dute goizeko azken orduak arratsaldekoak baino neketsuagoak eta arreta gutxiagokoak direla.

Eragozpen gehiago ere ikusten dute gurasoek: berandu bazkalduko dute ikasleek; 3 urteko haurrek adibidez 14:00etan, eta hirugarren txandako ikasleek, 14:45ean. Jantokia ikasle gutxiagok erabiltzea eta zerbitzuaren prezioa igotzea ere ekarriko du, diote.

Eta kritika gehiago: eskolaldi jarraituan, goizetan irakasleek ordutegia beteago dute eta arratsaldetan ez daude ikastetxean, "koordinazioak okerrera egingo du". Arratsaldetan irakasleen %25a baino ez litzateke egongo, eskolaz kanpoko jardueretarako.

"Kohesioaren kontra doa"

Guraso taldearen hitzetan, eskolaldi jarraitua ez da inklusiboa, egoera ahulenean dauden ikasleei kalte egiten die, baita malgutasun txikiagoa duten familiei ere. Azken finean, arratsaldez horiek baino ez lirateke geratuko, ikastordu gehiago sartuz, eskolaz kanpoko jardueretan –aukera ematen baita familien erabakiaren arabera ikasleak etxera bazkaltzera joan daitezen, bazkalostean joan daitezen etxera, edo arratsaldeko eskolaz kanpoko jardueratara geratu daitezen–. Eskolaz kanpoko jarduera horiek interes gutxikoak direla azpimarratu dute gurasoek, ahalik eta ikasle gutxienek eman dezaten izena.

Aldi berean, 16:30etik aurrera patioa elkargune gisa galtzen da eta hortaz, “gizarte-kohesioa eta hezkuntza-komunitatea sortzen dituen bizikidetza ingurune” hori galtzen da, “familia eta maila guztietako ikasleen topagunea”.

Eskolaldi jarraituarekin, irakasleak eta ordutegi jarraituarekin aritzeko arazorik ez duten familiak ateratzen dira irabazten, eta oro har ikasleak dira galtzaile, guraso taldearen esanetan. Gainera, salatu dute ez dagoela prozedurarik eskolaldi jarraitua finkatu ostean zatitura itzultzeko. Astearte arratsalde honetan, elkarretaratzea deitu dute Karlos III.ean Diputazio parean, 17:30ean. “Eskolaldi jarraitua eztabaida eta irtenbiderik gabe, horrela ez!” lelopean, guraso eta jantokietako langileek deitu dute kontzentrazioa.

Guraso taldeak argitaratu duen bideoari erantzunez, Iruñeko San Frantzisko eskola publikoko esperientzia kontatu du guraso batek. Eskolaldi jarraituak hezkuntza komunitateko sarea puskatu duela nabarmendu du, arrakala sozioekonomikoa areagotu duela, guraso guztien nahia bihurtu delako ahalik eta goizen bukatzea seme-alabek eguneko eskola jarduna –ahal bada bazkal aurretik, bestela bazkalostean, eta ezin dutenen seme-alabak geratzen dira arratsaldez–.