Eztabaidatzeko aukerarik gabe eskolaldi jarraitua inposatu zaiela eta eredu jarraituak ikasleek segidan ordu gehiegi sartzea, bizikidetza apurtzea eta ikasleen arteko arrakala areagotzea dakarrela salatu du hainbat gurasok, kontatu genuenez. Egun berean jaso dugu beste guraso baten erantzuna, eskolaldi jarraitua duten ikastetxeek oso positiboki baloratu dutela eta absentismoa eta gatazkak gutxitzen direla azpimarratuz.
Iruñeko guraso honek gogoratu du Nafarroan duela 14 urtetik dagoela ezarria jardunaldi jarraitua hainbat eskolatan, gaur egun ikastetxe publikoen %55ean dagoela ezarria eta inon ez dela atzera egiterik proposatu: “Aldiz, balorazio oso positiboak jasotzen ditu eskolaz eskola guraso, ikasle eta familiengandik. Gainera, behar gehien dituzten familia asko dauden ikastetxeetan baloratu da hobekien, eskola ghettizatuetan adibidez”. Nafarroako ereduaren berezitasuna arrakastaren parte dela uste du, arratsaldetan eskolaz kanpoko ekintzak eskaintzen direlako doan ikastetxean bertan, lehenago atera ezin duten ikasleentzat.
Bere hitzetan, ez da inposaturiko eredua, ikastetxeko irakasle klaustroaren %60ak eta Eskola Kontseiluko %65ak babestu behar duelako aldaketa lehenik, eta ondoren guraso errolda guztiaren %60ak baino gehiagok eman behar duelako ordutegi aldaketaren aldeko botoa, proposamena aurrera ateratzeko.
Kataluniako Generalitateak jardunaldi jarraitua duten eskoletan egindako pilotajea aipatu digu, pilotajearen ondorio nagusiak direlako ikasleen absentismoa jaisten dela (arratsaldez ez zirelako eskolara joaten) eta eskola gatazkak gutxitzen direla, “eguerdiko bi orduko tartea kentzeari edo haurrak soilik goizez lasaiago aritzeari lotuta uler daitekeena”.
8-9 ordu eskolan
“Bada joera bat azkenaldian, kritikatzen duena biharko langile diren gaurko haurrak instituzio batean 8-9 orduz edukitzea dela etorkizunean 8-9 orduz lanean aritzera ohitzeko bidea, euren bizitza, zaintza edo lan-baldintza eskubideen alde ez borrokatzera eramango dituena. Aipatzekoa da baita ere Tonucci bezalako pedagogo garrantzitsuak haurrek arratsaldea eta familia orduak berreskuratzearen alde mintzatzen ari direla”.
Zalantza barik, eztabaida mahai gainean da, zertzelada hauetatik harago eredu baten eta bestearen ondorioak sakon aztertzea merezi duena.