argia.eus
INPRIMATU
Eskolako patioan musukoa eraman behar izatea “neurriz kanpokoa eta diskriminatzailea” da
  • Jolastokian, ariketa fisikoa egin bitartean edo txangoren bat dutenean ere, haurrak derrigortuta daude eskola-orduetan uneoro musukoa eramatera, nahiz eta helduek ez duten aire zabalean musukoa eramateko derrigortasunik. “Neurriz kanpokoa eta diskriminatzailea” dela iritzita, hainbat gurasok gutuna idatzi dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, neurria birpentsatu dezan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko irailaren 28a
Argazkia: mhttcnetwork.org

Gasteizko ikastetxe bateko gurasoek abiatu dute ekimena, baina EAEko hiru lurraldetako gurasoen atxikimendua jaso dute dagoeneko, musukoaren obligazio erabatekoak “maila fisikoan, emozionalean eta psikologikoan izan ditzakeen ondorioak” kezkatuta.

Helduek ez, haurrek bai?

Neurri murriztaileen alderik gogorrena haurrak sufritzen ari direla uste du guraso talde honek, zer eta “garapen une hain berezian murgilduta” daudenean. Adibidea ere jarri dute gutunean: “Ez da ulertzen aita eta amak kanpoan musukorik gabe egon ahal izatea, baita eskola inguruan gaudenean ere, baina adin txikikoak denbora guztian jantzita eraman behar izatea, atetik sartzen direnetik ateratzen diren arte”.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari gogoratu diote Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen duela musukorik ez erabiltzea ariketa fisikoa egin bitartean eta aholkatzen duela 12 urtetik beherako haurrek musukorik ez janztea, osasunean eta ikasketetan izan ditzakeen kalteengatik.

Hain juxtu, Frantziako Estatuan iragarri dute urriaren 4tik aurrera, intzidentzia tasak ahalbidetzen duenetan lehen hezkuntzako haurrek ez dutela musukoa erabili beharko.