argia.eus
INPRIMATU
Eskolako patioan musukoa erabiltzearen aurka protesta egin dute ikastetxe ugaritan
  • Argazki ugari utzi ditu astelehen honetako deialdiak (ikusi behean): Hego Euskal Herriko hainbat ikastetxetako atarian bildu dira ikasle, senide eta hezitzaileak, Lehen Hezkuntzako haurrak eskola eremuko kanpo-espazioetan eta soin-heziketako ikastorduetan musukoa eramatera derrigortuta daudela salatzeko. "Lehen Hezkuntzako haurrei gainontzeko pertsona guztiei onartzen zaizkien eskubideak onartzea" eskatu du protestaren deitzaile Haurrak Ere Bai plataformak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urriaren 19a

Hezkuntza komunitateko eragile ugari ildo berean mintzatu dira azken egunotan: zentzugabea ikusten dute 6-12 urteko haurrek musukoa eraman behar izatea eskolako kanpo-espazioetan, zer eta ikastetxetik kanpo ez eurek (ez gainerakook) halakorik bete behar ez dugunean aire zabalean. Ildo berean mintzatu zen lehengo astean Ikastolen Elkartea: "Txertorik jarri ez zaien kolektibo bakarra izateak ez du justifikatzen neurri horri eustea, gainerako guneetan ez badute derrigorrezkoa musukoa erabiltzea".

Guraso ugarik eskaera bera luzatu diote gutunez Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari, musukoa patioan neurriz kanpokoa eta diskriminatzailea dela iritzita. Neurria malgutzeko eskatuz 7.000 sinadura bildu dituzte denera.

Elizondo, Oñati, Irun, Gasteiz, Busturia…

Haurrak ere Bai plataformak txoko ugaritatik jaso ditu argazkiak, deialdiak izan duen oihartzunaren lekuko. Gutxienez honako herri eta ikastetxeetan egin dituzte elkarretaratzeak, plataformak emandako informazioaren arabera: Berriatua, Elizondo, San Andres Ikastetxea, Lezo, Segura (Laiotz) San Martin Agirre, Elatzeta eskola, Uzturpe ikastola, Gasteiz (Aita Orbiso ikastetxea), Lizartza, Ataun (Joxe Miel Barandiaran eskola), Hernani (Langile ikastola), Tolosa (Laskorain ikastola), Natxitua (Ea), Haizeder, Labiaga ikastola, Algorta (San nikolas), Ondarroa (Zaldupe), Deba, Oñati, Lekeitio, Bilbao (Tiboli alde zaharra), Gares, Etxalar (Landagain eskola), Iruñea (Hegoalde ikastola), Donostia (Orixe ikastola, Ibai ikastola, Intxaurrondo), Martutene (Arantzazuko ama), Egia (Aitor ikastola), Irun (Toki Alai, Eguzkitza, Leka Enea, Txingudi), Lasarte (Landaberriko ikastola), Elorri, Oiartzun (Haurtzaro ikastola, elizalde eskola), Busturia, Bermeo, Igeldo, Araia, Ezkio Itsaso, Urdaneta, Gasteizko Samaniego, Aramaio.

Argazkiak: Haurrak Ere Bai, @ezeizainhoa eta @ixoaroma