argia.eus
INPRIMATU
Eskolako jolastokian mutilak dira jaun eta jabe, ikerketa baten arabera
  • Urtebetez, jolas garaian Lehen Hezkuntzako neska-mutilen mugimenduak behatu dituzte Kataluniako bi ikastetxetan. Espazioaren gehiengoa mutilek okupatzen dute eta neskak bazterretan mugitu ohi dira. Ikerketak hainbat gogoeta utzi du espazioaren antolaketaz, genero rolez... eta futbolaz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko otsailaren 07a

“Eskoletako jolastokien erdigunea haur fisikoki aktibo eta indartsuek okupatu ohi dute, gehienak mutilak (kolore urdinez irudikatuta), eta hain aktibo ez direnei periferiatan uzten diete mugitzeko espazioa, batez ere neskak (gorriz irudikatuta). Errealitate hori are agerikoagoa da futbolean oinarritutako espazioak diseinatzen direnean”. Hala dio Architektoniczki arkitektura kooperatibak erakutsi duen azterketak. Bertan, generoaren arabera banatuta ikus daiteke haurrek espazioaren zein erabilera egin duten jolastorduan. Behaketa bidez jaso dituzte mugimendu horiek irakasleek.

Inor gutxi harrituko da emaitzarekin, jakinik bai genero rolek bai espazioaren diseinuak eragina dutela errealitate horretan. Helduek ezarritako arauetatik askeago, autonomoki mugitzeko eta jolasteko espazioak dira eskoletako patioak, eta gizartearen estereotipo eta patroi asko erreproduzitzen dira.

Batetik, neskek ez dute ohiturarik erdigunea hartzeko, eta bestetik, erdigunean futbol zelaia baldin badago, erabat baldintzatzen du patioko dinamika. Durangoko Kurutziaga ikastolan, ikastetxeko kanpo-espazioa eraldatu zuten eta horren eraginaz mintzatu zitzaigun Haizea Egiarte: “Zer egin dute Kurutziagan? Futbola ezin dugu kendu, baina gutxienez mugitu egingo dugu, bazterrean lagako dugu (futbol-zelaia lekuz mugituta), eta sokasaltoan ibili nahi dutenek ez dute zertan iskin batean aritu, margotu nahi dutenek ez dute zertan bazterrean egon, zergatik ez jarri patio erdian halakoak egiten? Neskek sentitu dezatela jolastokia eurena ere badela eta jolastokiaren erdian jardun dezaketela. Gizartean, festetan… emakumeok badugu joera bigarren planoan egotekoa, protagonismoa gizonek izatekoa, txikitatik hala izan delako, baina haurtzarotik neskek ikasten badute erdigunea beraiena ere badela, zentralitatea har dezaketela, indarra hartzen joango dira etorkizunean esateko ‘ni hemen nago eta lehen planoan nago’”.

"Sokasaltoan ibili nahi dutenek ez dute zertan iskin batean aritu, margotu nahi dutenek ez dute zertan bazterrean egon, zergatik ez jarri patio erdian halakoak egiten?"

Futbolaren ordez, patinak

Espazioa aldatzeak eta adibidez erdigunera futbola ez bestelako jarduerak ekartzeak eragiten du neskek zentralitatea irabaztea, baita neska-mutilak errazago nahastea ere. Futbol-zelaia bazterrera eraman ordez, zuzenean asteko egun batzuetan futbola debekatzea erabaki duten ikastetxeak gero eta gehiago dira: baloirik gabeko egunak dira, futbolzentrismoa gainditu eta bestelako jolasak, ekintzak eta dinamikak bultzatzeko. Architektoniczkik erakutsitako esperimentu honen harira, esaterako, irakasle batek kontatu du euren ikastetxean, astean bi egunez ezin delafutbolean jokatu, eta erresistentziak eta protestak handiak izan zirela hasieran, baina patinak, patineteak eta antzerakoak ateratzen dituzte gainerako hiru egunetan, eta segituan bihurtu da ekimen arrakastatsua, neska-mutilen parte-hartze handiagoarekin eta orekatuagoarekin.

Azken finean, mutil guztiei futbola gustatzea ezinezkoa dela abiapuntu hartuta, zergatik dabiltza (ia) denak futbolean? Eta zergatik hain neska gutxi? Nola eragin patioko dinamikan, inor ez dadin baztertuta gelditu? Zer eskaini, neska-mutilek elkarrekin eta berdintasunez jolastu dezaten?