argia.eus
INPRIMATU
Eskolako guraso elkarteetan gizonezkoak hamarretik bi baino ez direla utzi dute agerian Katalunian
  • Gurean ere agerikoa den errealitatea islatzen dute Kataluniako datuek: guraso elkarteetan, eskolako bilera eta zereginetan, gurasoei zuzendutako tailerretan… emakumeak dira gehiengoa. “Haurrak heztearen funtzioa amek hartzen dute eta sentsazioa dute gainezka daudela”. Seme-alaben hezkuntzan aitak gehiago inplikatzera deitu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko maiatzaren 03a
Eskola kontuez galdetuta, "gai hori nire emazteak darama" erantzun ohi zioten aitek Juan Naranjo irakasleari duela urte batzuk; zenbat aldatu ote da panorama?

Ikastetxe mota eta hezkuntza maila guztietako guraso elkarteak kontuan hartuta, kideen %79 emakumeak dira Katalunian, eta elkarteen %38an, guraso elkarteko kide guztiak dira emakumeak. Ohiko gai bati heltzeko eman ditu datuok Criar.cat-ek: eskolari lotutako lan, zeregin, antolakuntza, gestio, informazio, formazio eta abar luzean amak dira gehiengoa, sarri boluntarioak diren betebeharrak tarteko. “Guraso elkarteetan parte hartzea ez da gizonentzako erakargarria, lan ikusezina delako eta haurren zaintzarekin eta hezkuntzarekin lotuta dagoelako”, diote erreportajean. Seme-alaben heziketan pisu handiena oraindik ere amak izan ohi du.

Gizonak guraso elkarteetan inplikatzeko programa abiatu du Generalitateak, 460.000 euro inbertituta, baina gizonak eurak dira bidea egin behar dutenak

Gizonak guraso elkarteetan inplikatzeko programa abiatu du Generalitateak, 460.000 euro inbertituta: funtsean, haurren zaintzaz eta heziketaz gizonei bideratutako tailerrak jarri ditu martxan, eta Euskal Herrian ere badira preseski aitei zuzendutako saioak, semea-alaben heziketan gehiago inplikatu daitezela bilatzen dutenak. Baina erreportajean dioten gisan, gizonek eurek egin behar dute bidea, konpromiso eta inplikazio pertsonalari dagokionean: “Aitatasuna leiho bat da eredu zaharkitua alboratzeko, bizitzaren fase honek erabaki beharrean jartzen gaitu ea txikitan bizitakoa birproduzitu nahi dugun ala zerbait ezberdina eraiki nahi dugun gure seme-alaben harremanari lotuta”.

Zein arduratzen da planifikatzeaz?

Aipaturiko rol tradizionala aldatzen ari ote den galdetu diogu berriki ARGIAn Esther Martinez adituari: “Aldatu, aldatu da, eta guraso eskoletan, esaterako, aita batzuek parte hartzen dute, aitak ikusten ditugu beste funtzio batzuk hartzen. Baina guraso eskoletan gehiengoa oraindik amak dira, heztearen funtzioa amek hartzen dute eta oraindik ere sentsazioa dute gainezka daudela, nekatuta, estresatuta, bikotekidearen babesik gabe... Esan dezakegu, funtzio banaketa argiagoa dagoen arren, amak jarraitzen duela izaten planifikatzen duena, zer dagoen afaltzeko, soinketa dagoenean labadoran zer sartu, udan zein ekintza egin eta nola antolatu… eta hortik gainezka egitearen sentsazioa, planifikazio horrek sekulako denbora eskatzen baitu”.

"Gizon gehiago ikusi ohi da Eskola Kontseilua bezalako erabakiguneetan, guraso elkarteek antolatutako ekintzetan baino; txokolatea prestatzen gizon gutxi ikusi dut, alegia"

Eta esanguratsua da, hezkuntzan ere, botereguneetan zenbat eta gorago egin, orduan eta gizon gehiago ikusteko aukera dagoela. Hala zioen ARGIAn ikastetxeko Ordezkaritza Organo Goren edo Eskola Kontseiluko kide Susana Aribayosek: “Gure kasuan, nahiz eta ama gehiago garen, aitak ere badira, eta urte hauetan gizonen parte-hartzea igotzen ikusi dut. Halere, egia da gizon gehiago ikusi ohi dela hau bezalako erabakiguneetan, guraso elkarteek antolatutako ekintzetan baino; txokolatea prestatzen gizon gutxi ikusi dut, alegia”.

Eskola kontuez ari garelarik, “gai hori nire emazteak darama” esaldia sarri entzun ohi zuela zioen irakasle honek 2018an; zenbat aldatu ote da panorama?