argia.eus
INPRIMATU
Eskolak zabaltzeko goizegi dela adierazi du Espainiako Gobernuak
  • Ikasleak ikasgeletara bidaltzea lehenengo fasean aurreikusi gabe dagoela adierazi du Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasok. Eskolak ireki eta desinfektatu egin daitezkeela esan du, baina ikasleak sartzeko oraindik goizegi dela.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 14a
Ikasgela huts bat. Argazkia: La Vanguardia.

Martxoaren 18tik aurrera EAEko ikasleak ikasgeletara bueltatuko direla adierazi zuen joan den astean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Klaseetara buelta progresiboa eta mailakatua izango dela adierazi zuen, segurtasun neurri guztiak betetzen direla ziurtatuta.

Sindikatuen, elkarteen eta norbanakoen haserrea piztu zuen erabakiak eta zenbait ikastolek ateak irekiko ez dituztela jakinarazi zuten, Ibarrekolandakoak kasu. Ikasleen eta irakasleen segurtasuna ezin zela bermatu adierazi zuten, eta Hezkuntza sailari hezkuntza eragileekin hitz egiteko eskatu zioten. Ikastetxeetara buelta “ondo diseinatutakoa eta serioa” izan behar zela adierazi zuten, denen onespenarekin.

Egoera horretan, Eusko Jaurlaritzak zentro bakoitzaren esku utzi zuen ateak zabaltzeko erabakia. Hori ere gogor kritikatu dute, hezkuntza zentroei ez dagokien erantzukizuna leporatu diela argudiatuz.

Espainiako Gobernua ere ikastetxeak oraindik ez zabaltzearen alde agertu da, Denis Itxasok adierazi du lehenengo fasean oraindik ezin daitekeela ikasgeletara joan eta bigarren fasean ikusiko dela zeintzuk diren aukerak. Dena den kurtsoa bukatzear dagoela azpimarratu du.