Koronabirusaren garaian etxeak eskola ere bihurtu dira. Nola daramate gurasoek haien umeak etxetik eskola jarraitzen aritzea? Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea da EHIGE eta galdeketa bat abiatu du martxoaren 15ean, eskola publikoetako gurasoen artean. Bertako koordinatzaile Lurdes Imazek erantzun dizkigu galderak idatziz.
Zein dira gurasoen kezka nagusiak distantziara eta ordenagailu bidez orain egiten den ikaskuntza modu honetan?
Martxoaren 15ean inkesta bat abiatu genuen eta esan beharra dago egun horretan proban ipini genuela gure webguneko zerbitzaria. Familiek hitz egiteko gogoa zeukaten. 8.500 erantzun jaso ditugu jada eta informazio baliagarri asko daukagu. Askotarikoak dira kezkak, baina hauek dira gehien errepikatzen direnak: lan hirukoitza etxean uztartu beharra, hau da, familia, lana eta eskola; seme-alaben arlo emozional eta psikologikoa; umeei eskolako lanetan laguntzeko dituzten zailtasunak euskaraz ez dakitelako edo ikasgaiak ezagutzen ez dituztelako (batez ere goi mailetan), ebaluazioei buruzko kezka (batez ere DBH eta batxilergoaren amaieran) eta egoera zaurgarrian dauden familiekiko kezka.
Etxeak azpiegitura aldetik ongi hornituta daude? Interneta, ordenagailuak, argi egokia, ikasteko aparteko leku bat, bestelako materialak (liburu, koaderno, pintura...).
"Ordenagailuak izan arren etxean, ez dira nahikoak etxeko kide guztiek momentu berean erabili ahal izateko"
Beheko etapetako familiek faltan botatzen dituzte inprimagailuak, baita paper dendak itxita egotea ere. Bestalde, kontuan izan behar da ordenagailuak izan arren etxean, seguraski ez direla nahikoak izango etxeko kide guztiek momentu berean erabili ahal izateko. Ikastetxeak eta udaletxeak identifikatzen ari dira aparailuak edo internet zerbitzua ez daukaten familiak, lagundu ahal izateko.
Bestalde, ez da berdina baserrian edo terraza argitsua duen 100 metroko etxean bizitzea edo argirik gabeko espazio bakarreko etxebizitza izatea.
Gurasoek beren rola egokitzeko beharra sentitu dute?
"Familia guztiek ez dituzte baldintza berak. Batzuk etxean daude eta seme-alabei laguntzeko aukera dute, beste batzuk lanera joan behar dutenez ez, askok lana galdu dute eta kezka ekonomikoa dute…"
Gurasoak ez dira irakasleak, ez behintzat gehienak. Horren inguruko gomendio batzuk jaso ditugu gure web gunean Iñaki Eizmendiren laguntzarekin. Familiek ikasteko ohiturekin lagun dezakete, errefortzu positiboa eman, interesa erakutsi. Irakasleekiko komunikazioa funtsezkoa da ere, are gehiago horrelako egoera batean. Eurak esango digute zeintzuk diren helburuak eta nola lagundu dezakegun.
Dena den kontuan izan behar dugu familia guztiek ez dituztela baldintza berak. Batzuk etxean daude eta seme-alabei laguntzeko aukera daukate, beste batzuk lanera joan behar dute eta ez daude etxean, askok lana galdu dute eta kezka ekonomikoa daukate…
Ikaskuntza etapen arabera, ikastetxeak oso ezberdinak dira presentzialak direnean bertan. Adibidez, LH-n pedagogia berri gehiago daude, DBH ertsiagoa da... Ikaskuntza mota horiek ordenagailura eta distantziara pasatu direnean, ezberdin pasatu dira?
"Familia batzuek diote honelako egoera berezietan seme-alaben beste gaitasun batzuk landu nahi dituztela, ardura nagusia ongizate emozionala delako"
Inkestan ikusi dugu goi mailetan (DBH, batxilergoa) plataformak erabiltzen dituztela, maila txikiagoetan anitzagoak dira euskarriak. Idazte-irakurtze gaitasuna lantzen ari direnak eskuz idatzi beharko dute, esaterako. Etxeko errutinei dagokienean ere ikusten dugu helduen errutinak zorrotzagoak direla eta haur hezkuntzaren kasuan orokorrean ez dago jarduerarik. Familia batzuek esaten digute honelako egoera berezian seme-alaben beste gaitasun batzuk landu nahi dituztela, euren ardura nagusia haien ongizate emozionala delako.
Hainbeste urte eskola digital programekin gora eta behera, eta nola harrapatu gaitu aldaketa honek?
Teknologia tresna bat da eta ez ditu konponduko gure arazo guztiak. Lehenik eta behin helburuak finkatu beharko ditugu: nolako ikasleak hezi nahi ditugu? eta gero erabaki zein baliabide erabiliko ditugun helburu horiek lortzeko. Eskolak sozializatzeko ematen duen aukera ez digu teknologiak emango. Bestalde, familiek asko baloratzen dute tutoreen telefono deia jasotzea, eta teknologia zaharra da hori.
Onartu behar da hala ere teknologia oso baliagarria izaten ari dela oraingo egoeran eta arlo honetan atzean zeuden ikastetxeak motibatuko direlakoan nago.
Zein da ebaluazioari buruz familiek duten ikuspegia?
"Errepikatzearen ondorio kaltegarriak ikertuta daudenez, hori erabiltzea oso ondo justifikatu beharko litzateke"
Gai honek kezkatu egiten ditu familia asko eta estresa sortzen die, ardura handia daukatelako orain bizkar gainean. Ez-ohiko egoera batek ez-ohiko erantzunak eskatzen ditu. Eskola etxera pasatu den momentutik baldintza desberdinetan daude umeak. Hori guztia kontuan hartu beharko da ebaluazioari buruzko erabaki bat hartu baino lehenago.
Bestalde, errepikapenaren ondorio kaltegarriak zabal ikertuak izan dira, beraz, aukera hori erabiltzea oso ondo justifikatu behar da.