Leporaturikoa ez onarturik, eta sare sozialetako kontuak "lapurtu" zizkiotela erranik, salaketa jarri zuen Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasleak. Gernikako auzitegiak ondorioztatu du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzitakoak diren ala ez.
Azkenean, eskolak emateari lotu zaio berriz mezu arrazistengatik, transfoboengatik eta faxistengatik ikertutako EHUko irakaslea. Aldaketa horren berri eman du Berria egunkariak martxoaren 5ean.
Arabako campuseko Farmazia Fakultateko irakasleak sare sozialetan "mezu faxista, transfobo, arrazista eta frankistak" zabaldu zituela salatu zuten Ikamak eta Ikasle Kontseiluak otsaila hastapenean. Mezu horien berri ukanik, "gaia argitu arte" irakaskuntzatik kentzeko erabaki hartu zuen EHUk. Horrez gain, ikerketa bat abiaraztea erabaki zuen EHUk. Leporaturiko ez onarturik, biharamunean berean salaketa jarri zuen irakasleak ere, "identitatea ordezkatu" ziotela azalduta.
Irakaslearen sare sozialetan zabaldutako mezuen artean ondokoak daude, denak gaztelaniaz: "Bollerak legez kanpo utzi behar dira", "Ezkerrari botoa ematen dioten bollerek kandela batek baino argi gutxiago dute buruan", "1945ean Francok Gabonetako aparteko ordainsaria sortu zuen, 77 urte geroago oraindik ez da gorririk agertzen hari uko egiten, eta ez dira agertuko", "Kanpoko jendeari laguntzen, eta hemengoek oraindik laguntzarik gabe. This is Spain", "Emakumea emakumea da nahiz eta txasisa aldatu", "nire autoa Ferrari bat sentitzen da, orduan Ferraria da?". Vox eta Israelen aldeko mezuak ere partekatu zituen.
Azkenean, Gernikako auzitegiak ondorioztatu du ez dagoela modurik frogatzeko mezu horiek berak idatzitakoak diren edo ez. Hori horrela, eta irakasleak lanbidean segitu nahi zuenez, berriz ere jarri dute eskolak ematen.