argia.eus
INPRIMATU
Eskolak digitalizatzeko plana eten eta testu-liburuak berreskuratuko ditu Suediak
  • Ordenagailuek eta pantailek ikasgeletan betetzen duten funtzioaz eztabaidatzen aritu dira Suedian azken hilabeteotan, aditu ugariri txostena ere eskatu die Hezkuntza ministroak, eta erabaki du eskolak digitalizatzeko estrategia etetea. 150 milioi euro bideratuko dituzte paperezko testu-liburuak berreskuratzera.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko uztailaren 04a
Haur eta gazteek irakurtzen dutena ulertzeko gaitasuna galtzeak kezkatzen du bereziki Suediako Hezkuntza ministroa. Argazkia: Elliot Ostlund

Gobernutik 60 adituri baino gehiagori eskatu dieten txostenak eskuan, ondorioztatu dute orain arte egin diren ikerketek erakusten dutela haurren burmuinei ez diela onurarik ekartzen pantailetan oinarritutako hezkuntzak. Osasunari lotutako gomendioak ere izan dituzte kontuan, eta Lotta Edholm Hezkuntza ministroak adierazi du eskoletan ikasleek pantaila aurrean denbora gutxiago igarotzea eta paperezko testu-liburu gehiago izatea dutela helburu.

Suedian, pantailek testu-liburuak ordezkatu dituzte pixkanaka, eta egoerari buelta eman nahi diote orain: ikasle eta ikasgai bakoitzeko liburu bat bermatu nahi dute. Horretarako, testu-liburuak erosten 150 milioi euro inbertituko ditu gobernuak (60 milioi aurten eta 45na milioi 2024 eta 2025ean). “Tabletak ezin ditu ordezkatu testu-liburuak dituen abantailak”, dio Edholmek.

Haur eta gazteek irakurtzen dutena ulertzeko gaitasuna galtzeak kezkatzen du bereziki Hezkuntza ministroa.

Suedian, pantailek testu-liburuak ordezkatu dituzte pixkanaka, eta egoerari buelta eman nahi diote orain: ikasle eta ikasgai bakoitzeko liburu bat bermatu nahi dute

Eztabaidaren erdigunean

Eskolen digitalizazioa inongo kritikotasunik gabe egin dela eta edukiari erreparatu gabe zuzenean positibotzat jo dela esan izan du Hezkuntza ministroak. Hain justu, eskoletan aurrera eramaten ari diren digitalizazioa eztabaidaren erdira eramateko eta digitalizazio prozesu horren inpaktuak neurtzeko eskatu berri dute Frantziako Estatuan: “Gailu digitala bilakatu dugu ikasketaren elementu pribilegiatu edo bakarra, eta horrela ikasleak bultzatzen ditugu denerako eta edozertarako gailu horiek erabiltzera; ez ditugu haurrak erabiltzaile informatu bihurtzen, algoritmoen menpe dauden kontsumitzaile gatibu baizik”.