argia.eus
INPRIMATU
Eskolak astebeteko atzerapenarekin hasiko dira EHUko zenbait fakultatetan
  • Gasteizko Hezkuntza Fakultatea horietako bat da, eta “falta diren azken prestaketak” egiteke dituela esanez arrazoitu du neurria. Letren Fakultatean eta Ingeniaritza Eskolan, berriz, etxetik emango dituzte lehen asteko klaseak. Kritikak eta tentsioak geroz eta nabariagoak dira hezkuntza komunitatean.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 08a
Letren fakultatea. Argazkia: EHU

Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean atzeratu egin dituzte hezkuntzari lotutako graduen ikasturte hasiera, kirol arlokoak salbuetsita. Haur eta Lehen Hezkuntzako graduetako ikasleek astelehen eta astearte honetan dituzte aurkezpenak. Lehen eta bigarren mailan presentziala izanen da, eta beste bi mailetan, berriz, sarean. Dena den, ez dute eskolarik izango aste honetan. Igor Camino de Ortiz fakultateko dekanoak BERRIAri adierazi dionez, lehen astea “patxadaz” hartzeko ebatzi dute erabaki hori, ustez, “hasiera egokia” bermatzeko.

Astelehen goizaldean jaso zuten mezua hezkuntza ikasketetako irakasle eta ikasleek. Dekanoaren hitzetan, “egoera aztertzen” aritu dira azken aldian, eta eskolak atzeratzea ondorioztatu dute. Azpiegiturak prest daudela dio unibertsitateak, baina “azken ukituak” falta direla, batik bat ekipamendu teknologikoei dagokienez.

2020-2021 ikasturtean aldaketa nabarmenak izango dira EHUn. Besteak beste, mugatu egin dute geletako gehienezko edukiera, eta aukera eskainiko dute eskolak internet bidez jarraitzeko. Hori ez ezik, gel hidroalkoholikoa jarri dute sarreretan, eta unibertsitateko kideei aholkatu diete ez ditzatela musuak eta besarkadak eman. Sintomak dituztenei eskolara ez joateko ere eskatu zaie.

Hezkuntza eta Kirol Fakultatean ez ezik, beste zentro batzuetan ere aldaketak jazo dira. Adibidez, Gasteizko Letren fakultatean eta Ingeniaritza Eskolan lehen asteko eskolak ez dituzte presentzialki emango, online baizik.

Irakasleak haserre

Azken orduko ohartarazpenek ezinegona eragin dute unibertsitateko komunitatean. Ainhoa Ezeiza Hezkuntza Fakultateko irakasleak zera adierazi dio BERRIAri Gasteizerako bidean eskolak atzeratzeko erabakiak harrapatu duenean: “Ari dira ea gauzak hobera doazen, baina ez da kasua. Erabakiak ez hartzeagatik atzeratzen da dena”. Ikasturte “kaotikoa” aurreikusten du, eta “ezer jakin gabe” ari direla erabakiak hartzen.

Eskolak aurrez aurre emateko erabakiak zalantzak pizten dizkio Ezeizari, irakasleei online prestakuntza eskaintzen ari baita hainbat urtetan zehar. Bere ustetan, oraingo egoeraren erdian “ez dago modurik aurrez aurre aritzeko”. Ohartarazi duenez, ikasle batzuk izango direla gelan, baina beste erdiak etxetik arituko dira, eta eskolan bertan daudenekin ez mintzatzeko gomendatu dietela. “Klase magistralak emateko, zertarako behar dute etorri?”, kaxu da Ezeiza. Arlo akademikoaz gaindi, badira bestelako zailtasunak, hala nola, jantokietako mugak, gelan mugitzeko debekua eta garraiobideen urritasuna.

Unibertsitateko egoerak “eztanda” egingo duela uste du Ezeizak, eta zinegona nabari du korridoreetan. “Beharbada, ikasleek planto egin dezaten zain gaude irakasleok”. Unibertsitatez kanpoko hezkuntzan, adibidez, grebara deitua dute sindikatu guztiek elkarrekin datorren asterako. Ikasleen artean, berriz, irailaren 15erako greba deitu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak unibertsitate, lanbide heziketa eta bigarren hezkuntzarako.