argia.eus
INPRIMATU
Eskola segregazioaren aurkako paktua Katalunian
  • Eskola segregazioa gainditzeko Zubiak Eraikiz plataformak aurkeztutako lege proposamena Eusko Legebiltzarrak atzera bota ostean, ez atzera ez aurrera dago gaia Euskal Herrian. Katalunian aldiz, 189 neurri jasotzen dituen paktua hitzartu berri dute, eskola publikoaren eta kontzertatuaren artean eta ikastetxe batzuen eta besteen artean ematen diren desoreka sozioekonomikoei aurre egin asmoz.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko martxoaren 20a

Kataluniako Herritarren Defendatzaileak bultzatuta, Parlamentak eta Kataluniako udal garrantzitsu gehienek onartu dute dokumentua. Hiru urtetako epean aplikatzea eta sei hilero ebaluatzen joatea da helburua.

Behar bereziko ikasleen kopurua, mugatuta

Neurrien artean dago, adibidez, aspalditik aldarrikatutakoa: ikastetxe bakoitzak har ditzakeen behar bereziko ikasleen kopurua mugatzea, baita ikastetxe kontzertatuek derrigorrezko kuotak kobratzeari uztea ere. Matrikulazioan egon daitezkeen iruzurren gaineko kontrol handiagoa eta gehiago behar duten ikastetxeen egoera aldatzeko horietan gehiago inbertitzea ere jasotzen du dokumentuak. Ghetto ikastetxe bihurtu direnak beste ikastetxe batzuekin fusionatzea edota muturrera joanda, ghettifikazioa gainditzen ez duten ikastetxeak ixteko aukera ere neurrien artean daude.

Guztiek ez dute begi onez ikusi

Dena den, sinatzaileen artean hutsune nabariak ditu paktuak. CUP alderdiak, Kataluniako gurasoen federazioak, sektorean gehiengoa duen Ustec sindikatuak eta ikasle mugimendu gehienek ezetz esan diote akordioari, batez ere argudiatuz eskola kontzertatua ateratzen dela garaile, ikastetxe hauen existentzia bera ez delako auzitan jartzen eta sozioekonomikoki zaurgarriak diren ikasle gehiago hartu ahala finantzazio publiko handiagoa izango dutelako itunpekoek. Bestelako arrazoiengatik, PPk eta Ciudadanosek ere ez dute bat egin hitzartutakoarekin.