Aniztasunaren balioak azpimarratuz ospatu dute “Josi ta josi” lelopean Euskal Eskola Publikoaren 26. festa Gasteizen. Eskola Publikoak duen gizarte kohesiorako funtzioa balioan jarri dute, baina neurriak eskatu dituzte erronkei modu egokian aurre egiteko.
Festako irekiera ekitaldian aldarrikapenak hartu du pisu handiena. EHIGEko zuzendaria den Usoa Urbietak salatu du Eskola Publikoak tresna nahikoa ez duela aniztasunari modu egokian aurre egiteko eta neurri zehatzak eskatu dizkie instituzioei. Izan ere, aniztasuna modu egokian landu ezean, ekitatea eta kalitatea ahuldu egiten direla azpimarratu du Urbietak.
Zentzu honetan, kontzertazio maila horren altua daukan hezkuntza-sisteman aniztasuna eskolaratzearen ardura handiena eskola publikoaren gain ipintzea onartezina dela salatu dute.
Gasteizko ikastetxe publikoak ikuspegi inklusibo batetik eredu direlako egin dute bertan festa eta eguraldi txarrak egitaraua moldatzea behartu duen arren, giro ederrean igaro da eguna.
Hezkuntza saileko ordezkariez gain instituzio, alderdi eta sindikatuak bertan egon dira ere: Gasteizko udalekoak, EAE eta Nafarroako Eskola Kontseiluko presidenteak, EAJ, EH-Bildu, Elkarrekin-Podemos eta PSEko ordezkariak, CEAPA, BIHE eta SAREAN elkartekoak, Euskararen Erakundeen Kontseilua, AEK, CCOO, STEILAS, ELA eta LAB sindikatuetakoak.