EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektua arbuiatzeko grebara deituta dago asteazken honetan irakaskuntza publikoa, aldarrikatzeko besteak beste eskola publikoa lehenetsi beharko lukeela legeak. Sentsibilitate ezberdinak elkartuko dira: deialdiarekin bat egin duten eragile batzuk kritikoak dira alderdi politikoek adostu zuten lege-akordioarekin; beste hainbatentzat akordioa ona da baina aurreproiektuak desitxuratu egin du, eta horregatik akordioan parte hartu zuten alderdi batzuk mobilizazioetan izango dira.
“Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez, legea langileokin erabaki” leloak hartuko ditu kaleak ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek deituriko lehen greba egun honetan (abenduaren 14an bigarren greba egun bat dago deituta).
Eskola publikoak legean izan behar duen rola eztabaida eta gatazka iturri izan da hasieratik, hainbat eragile kexu baita itunpeko sarea diru publikoz %100 finantzatzeko modua bilatu dela (Euskal Hezkuntza Zerbitzua delakoaren baitan) eta sare publikoari ez zaiola lehentasunik aitortzen, inbertsioan, baliabideetan edota eskolaratze planifikazioan.
Hezkuntza komunitatearen parte bat kritiko agertu da legearen zimenduak jartzeko pasa den martxoan EAJ, EH Bildu, IU-Elkarrekin Podemos eta PSEk adostutako hezkuntza akordioarekin. Esaterako, Euskal Hezkuntza Zerbitzua formularekin ados ez daudela eta egungo sistema duala (sare publikoa eta itunpekoa) betikotzeko eta blindatzeko formula dela diote Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eta EHIGE Euskal Herriko guraso elkarteak, martxoko hezkuntza akordioak ez duela eskola publikoa sistemaren ardatz bihurtzeko benetako apusturik egiten.
Akordioaren espiritua defendatzen duten baina aurreproiektuak espiritu hori desitxuratzen duela salatu dutenak ere izango dira grebako mobilizazioetan. Akordioan parte hartu zuten EH Bildu edo IU-Elkarrekin Podemoseko ordezkariek aurreratu dute asteazken honetako protestetan izango direla. Akordioan eskola publikoa indartzeko neurriak izan badirela diote, baina aurreakordioak ez dituela jaso. Eta PSEk ere kritikatu du aurreakordio zirriborroan ez dela islatzen sare publikoaren lehentasuna. LAB sindikatuak ere, EH Bildurekin egindako bileraren ostean, greba baino egun bat lehenago adierazi du hezkuntza akordioa abiapuntu ona dela eta akordio horren garapen egoki bat egitea dela orain gakoa. Fokua aurreproiektuan jarri du baita ere Hezkuntza Plazara plataformak, Euskal Hezkuntza Zerbitzua formula benetan eraginkorra izan dadin zerbitzu horren baitan dauden ikastetxeen betebeharrak zehaztu behar direla aldarrikatuz.
Denek ere, "funtsezko papera" aitortu diote sare publikoari. Horrek legearen azken testuan zein forma hartuko duen, hor dago gakoa
Denek ere, “funtsezko papera” aitortu diote sare publikoari. Horrek legearen azken testuan zein forma hartuko duen, hor dago gakoa.
Saltsa-maltsa honetan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak esan du greba “prebentiboa” dela asteazken honetakoa, oraindik bidea duela egiteko legeak, eta akordioa sinatu zuten alderdien adierazpenei kasu egiten badiegu, aurretik bide luzea duela dirudi, zehaztasun handiagoa eta neurri gehiago eskatu baitizkiote legeari. Eragileen proposamenak jasota, aurreproiektuaren bigarren zirriborroa prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta Legebiltzarreko alderdien txanda izango da ondoren, testuari proposamenak eta zuzenketak egiteko.
Aldarrikapenak eta mobilizazioak
Hamar aldarrikapenetan laburtu dituzte eskaerak sindikatuek: publikoa ardatz izatea; segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatzea; publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea; hezkuntza lege propioa izatea; inbertsio eta baliabide nahikoa izatea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak finkatzea; hezkuntza sistema osatzen duten langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatzea; merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egotea; eta hezkuntza lege parte-hartzailea izatea.
Manifestazioa egingo dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik aterata, goizeko 11:30ean. Arratsaldean, 18:00etan izango dira mobilizazioak, Bilbo (Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik), Donostia (Alderdi Ederretik) eta Gasteizen (Legebiltzarretik).