Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor (Euskadiko Eskola Txikien koordinatzailea) eta Maitane Telletxea (Zizurkilgo Mendigain eskolako zuzendaria).
Zer nolako eskola-proiektuak dauzkagu gaur egun, eta norantz jo nahiko genuke? Zerekin egiten dugu amets? Zer nolako eskola eraiki nahi dugu? Nola begiratzen ditugu ikasleak?
Galdera eta mintzagai horiekin eta gehiagorekin gogoetatu nahi duen guraso eta irakasle orok hitzordua du Larraulgo (Gipuzkoa) eskolan, datorren asteazkenean, hilak 27, arratseko 17:30ean.
Koldo Rabadan Izagirre irakaslearen bigarren saiakera-liburua da Superbotereak. 10 urrats eskola eraldatze bidean (ARGIA, 2024). Lehenbizikoa Bidean. Aurrera egin nahi duen irakaslearen dekalogoa (ARGIA, 2021) izan zen, eta harekin arrakasta izan ez ezik, emandako hitzaldi eta mintegietan zalantza gehiago sortu zirenez gero, bidean jarritakoari urratsak emateko konpromisoa hartu du Rabadanek. Horiek plasmatu ditu liburu berrian; halaxe kontatzen zuen ARGIAri eskainitako elkarrizketan.
Mahai-inguruaren oinarria Superbotereak liburua bera izango da, baina harago joateko xedea izango du. Hizlariak eskola-proiektuez mintzatuko dira, hezkuntza-proiektuez, haurrak ikusteko manerez, lanketaz, curriculumaz... Alor eta gai horiek eta gehiago barnebiltzen ditu Rabadanen Superbotereak liburuak, eta mahai-inguruko kideek dagoeneko irakurria dutenez, mamiaz mintzatzeko parada izango da hitzordua.
Hauexek izango dira mahaiaren bueltan eseriko diren hizlariak, Rabadanez gain: Nora Salbotx, hitzaurrearen egilea eta irakaslea; Ainhoa Azpirotz, Hik Hasi-ko koordinatzailea; Irati Manzisidor, Euskadiko Eskola Txikietako koordinatzailea; eta Maitane Telletxea, Zizurkilgo Mendigain eskolako zuzendaria.
Liburua eskuratu nahi duenak ARGIAren Azokara jo dezake, edo Larraulgo aurkezpenera agertu eta bertan erosi, hitzaldiaz gozatu eta gogoetatzearekin batera. Bestela, Durangoko Azokan ere egongo da Rabadan: abenduaren 7an, larunbatez, ARGIAren stand-ean eta 18:00etan liburu-aurkezpena, areto nagusian.