argia.eus
INPRIMATU
“Eskola partikularrek klase arrakala handitzen dute”
  • Ikasleen erdiak arrunki jasotzen ditu eskolaz kanpoko klase partikularrak, eta hirutik bi noizbait joan da partikularretara. Ikasle Abertzaleek egindako galdetegien emaitza da, baina klase hauek “ez dira ikasteko borondaterik ez duten ikasle alferren errefortzurako klaseak, ikasketa prozesuan aurrera jarraitzeko beharrezko bitartekoa baizik”, diote, eta dirua duten familien aukera baino ez denez, tresna segregatzailea dela kritikatu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko abenduaren 21a

Ikasturte honetan Euskal Herri osoko ikastetxeetan 5.000 galdetegi baino gehiago egin ditu IAk, eta ondorio garbia atera dute: klase partikularren erabilera gero eta ohikoagoa da.

Klase partikularrek “ehunka euroko gastua” dakartela aintzat harturik, eta klase hauek “ikasketa prozesuarekin aurrera jarraitzeko beharrezko” direla iritzita, oharra egin du IAko kide Naiale Garinek: “Tresna segregatzailea dira. Hezkuntzako klase arrakala handitzen da, langile klasearen kalitatezko hezkuntzarako aukera are gehiago oztopatuz. Horrek azaltzen du, besteak beste, ikasle txiroenek ikasketak era goiztiarrean uzteko edota ikastetxe batzuetan getifikatzeko joera. Ikasle proletarizatuenak formakuntza maila ez kualifikatu batera, eta ondorioz, bizitza proletario batera kondenatzen dira”.

Klase partikularrek “bitarteko klasista” funtzioa betetzen dutela azpimarratu du Garinek, “langileria xumeena hezkuntza prozesutik kanporatzeko bitarteko moduan”.

Hezkuntza dekadentzia prozesu batean dela nabarmendu eta hezkuntza sistema sozialista eraikitzeko beharra aldarrikatu du Garinek, “ikasleon behar emozional, intelektual, material zein bestelakoak garatzeko asmoz eraikitzen den horixe”.