Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik, eztabaida berpiztu du aferak.
Gipuzkoan, haur batek kirol klub batean izena eman dezake, baina orduan derrigortuta dago 6 urtetik 12ra Eskola Kirola egitera (6-8 urte bitartean Jolas Hezi, 9-12 urte artean Multikirola). Gaur egun, 17.545 haurrek hartzen dute parte Multikirola programan; horietatik %36k Multikirola baino ez du egiten eta %64k klub batean ere izena emana du, El Diario Vascok argitaratutako datuen arabera.
Zergatik klubera bakarrik?
Derrigortasuna bertan behera utzi duen epaiak guraso ugari poztu ditu. Argudiatzen dute aske izan behar dutela nahi duten kirola aukeratzeko eta haurrak ez duela zertan egin gustuko ez dituen –edota probatu ez dituen– beste kirolak. Are gehiago, klub batean gustuko duen kirola egiteaz gain, Eskola Kirolera joan beharrak denbora asko hartzen dio haurrari, eta horregatik, hainbat gurasok gehiegizkotzat jotzen du derrigortasuna. Errendimendua ere gakoa da batzuetan: haurrak (familiak) aukeratu duen kirol horretan hobetzea eta aurrera egitea dute maiz xede, gustuko duen horretan edota abila eta trebea den horretan espezializatzea. Eliteko kirola buruan, gainera, hura imitatzen edo hartara gerturatzen den eredua, lehian oinarritua, ez du gaizki ikusten hainbatek, eta gutxi-gehiago eredu horren bueltan mugitzen dira klub asko.
Zergatik Eskola Kirola?
Gipuzkoako Foru Aldunditik, helegitea jarriko dutela-eta, garbi diote: Eskola Kirola baztertu eta klubetan oinarritutako kirola baino ez bada geratzen jaun eta jabe haurren artean, “sistema elitista eta baztertzailea eraikiko litzateke, talentua dutenen inguruan egituratua eta emaitzan eta lorpenetan zentratua. ‘Onen eta txarren’ artean segregatuko litzateke”. Klub batean parte hartu ezin duena –egoera sozioekonomikoagatik, adibidez– eredutik kanpo geratzen da.
Hastapenetan eta haurrak direlarik, kirol bakarrera mugatu ordez –mutilen kasuan, zuzenean futbolera–, jarduera fisikoari lotuta denetik probatzea eta gaitasun eta abileziak modu integralean lantzea da Eskola Kirolaren helburuetako bat, gainera hainbat adituren arabera espezializazio goiztiarra epe luzera ez delako onuragarria. Honela laburbildu zituen Eskola Kirolaren ezaugarriak eta baloreak Luis Mari Zulaika Gorputz Hezkuntzako irakasleak, ARGIAk egindako mahai-inguruan: “Kirol aniztasuna; emaitzari garrantzia kentzea –beheko mailetan ez dago sailkapenik–; taldeak ez egitea mailaren arabera –talde batean onenak eta bestean kaskarrenak jarri ordez, gelakideekin talde naturalak eta mistoak osatuz–; helburu hezitzaileei lehentasuna ematea; kudeaketaren ardura ikastetxeak izatea eta ez emaitza eta errendimendua helburu duten klub edo kirol elkarteek; denek parte hartzea, arauak daudelarik gutxien eta gehien jokatu duenaren arteko aldea txikia izan dadin”.
"Errendimenduaren aldeko kolektiboek indar izugarria dute, botere faktiko aparta dira"
Piramidea vs zuhaitza: bi eredu aurrez aurre
Gustuez, askatasunaz, denbora galtzeaz… hitz egin dezakegu, baina funtsean, sarri atzean dagoena da kirola ulertzeko bi modu, hainbatetan talka egiten dutenak. Hala azaldu zuen Zulaikak, aipaturiko mahai-inguruan: “Lehen, piramidearen eredua jarraitzen zen, etorkizunean goi mailako kirolariak sortzeko antolatua, eta horretarako onenak aukeratzen ziren, haiengan kontzentratzen ziren eta besteak bidean galtzen joaten ziren. XXI. mendean, helburua baldin bada bizi estilo aktiboa sustatzea herritar guztien artean, eredu horrek ez digu balio. Duela hogei urte lege orokor bat planteatu zen EAErako –gero lurralde historiko bakoitzak bere interpretazioa egin zuen–, hiritar guztientzako izango zen eredutik hurbilago, bizi estilo aktibo eta osasuntsua sustatzeko. Zuhaitzaren eredua hautatu zen horretarako: hasieran haurrak denetik probatu dezala oinarrizko trebetasun motoreak osotasunean eta orokortasunean garatzeko, eta biharko egunean adarrak hasiko dira irteten, batzuk goi mailara eta errendimendura bideratuko dira, baina beste guztiak prestatuta egongo dira eta kultura barneratuta izango dute aisialdian bizimodu aktiboa mantentzeko. Zer gertatu da? Errendimenduaren aldeko kolektiboek indar izugarria dutela, botere faktiko aparta direla, eta erabakiak hartu beharko lituzketenek amore ematen dutela presio horren menpe. Gipuzkoaren kasuan, esate baterako, urte askotan zuhaitzaren eredua oso ondo garatuta eduki dugu baina atzeraka goaz, piramidearen ereduak duen indarragatik”.