Pandemia dela-eta, eskola-orduetan ahal den neurrian kanpora ateratzearen aldeko apustua egin dute ikastetxe batzuetan. Zaldibiako Lardizabal eskola hala ari da irailetik, Udalak herriko espazioak erabiltzeko aukera eman ziela baliatuz, eta herri inguruan egiteko ibilaldien bilduma ere osatu dute dagoeneko. Irakasleek formatzen segitzen dute eta Aire Zabaleko Ekintzen Batzordean hezkuntza komunitate osoak hartzen du parte. “Esperientzia ona eta intentsoa izaten ari da”, kontatu digu ikastetxeko zuzendariak.
Ahalik eta gehien kanpora ateratzeko urratsak ematen hasi ziren irailean Lardizabal herri eskolan: “Iritzi ezberdinak daude irakasle eta gurasoen artean, baina denok bat egiten dugu oinarrian: hezkuntzarik onena nahi dugu haurrentzat, eta argudiatuz gero, aurrera ateratzen dira halako egitasmoak. Azken finean, gurasoen kexa handiena da nola egon daitezkeen 200 ikasle ikastetxe barruan itxita, beste jarduera batzuetan elkartzeko muga handiak daudenean”, azaldu digu Eider Amundarain ikastetxeko zuzendariak.
Haur Hezkuntzako ikasleak aurreko ikasturteetan ere egunero irteten ziren eskola ondoko parke botanikora eta aurten Lehen Hezkuntzako taldeek aukera dute egunero Udalak utzitako herriko eremuren bat erabiltzeko, astero eremua txandakatuz (plaza, eskola ingurua, antzokia, kultur etxea…). Horri gehitu diote Lehen Hezkuntzan astero egun erdiko edo egun osoko irteera. “Ikasleak eskolan hasi aurretik herrian pasealdi bat egin genuen irakasle talde osoak, ingurua ezagutzeko. Hala ere hori bakarrik ez zen nahikoa, guraso eta udal ordezkariei galdetu genien ea herri inguruan egiteko txango proposamenik ba ote zuten, eta egun gutxira Zaldibia inguruetan egiteko hamahiru ibilaldi biltzen dituen dokumentua jaso genuen, bereziki Alaitz Sarasola gurasoak seme-alabek lagunduta osatua”, azaldu du Amundarainek. Dokumentu hori tutore guztiek dute inprimatuta eta plastifikatuta, eta bertan dituzte ibilaldi bakoitzaren mapa, iraupena, bidean aurkitu daitekeena (baserritarren datuak, bisita proposamenak…) eta abar. Irteera xumeagoak ere egiten dituzte, ikasleak non bizi diren ikustera joatea, esaterako. “Ilusioa egiten die ikasleei”.
Irteeretan adibidez matematikako material manipulatiboak eraman izan dituzte ikasleek, edo Ingeleseko irakaslearekin baldin badoaz ibilaldira, ingelesez aritzen dira denbora guztian
Irteerakoak ikasgelara, ikasgelakoa irteeretara
Zuzendariak nabarmendu du eskola kanpoan emateak ez duela esan nahi idazmahaia kanpora ateratzea, ikasgela barrukoa kanpoan errepikatzea, “eta konturatu gara sekulako azpiegitura ere ez dela behar, burua horretan jartzea baizik, beste era batera jardutea. Egin ahala goaz ikasten eta moldatzen. Irteeretan adibidez matematikako material manipulatiboak eraman izan dituzte ikasleek, edo Ingeleseko irakaslearekin baldin badoaz ibilaldira, ingelesez aritzen dira denbora guztian”. Ekogunekoekin ari dira irakasleak formatzen, kanpoan zein jarduera egin daitezkeen aztertu eta gogoetatzeko. Amundarainen hitzetan, inportantea da irteerak sistematizatzea eta ez izatea noizean behineko txango isolatuak, ikasleek barneratu dezaten ez dela jarduera bat ikasgelan egiten ari direnarekin zerikusirik ez duena; ikus dezatela “irteerakoa gelara eraman dezakegula eta gelakoa irteerara”.
Txikienen kasuan, parke botanikoan urmaela dagoela baliatuz Aranzadirekin harremanetan daude, putzua modu hezitzailean lantzeko. Eskoletako Urmaelen Sareko kide da Lardizabal eskola. Eguraldia kanpora ateratzeko oztopo izan ohi da maiz, baina aterpedun espazioak badituztela dio Amundarainek, eta irteteko eguraldi eguzkitsua ere ez dela behar. “Arropa iragazkaitzak lortzeko asmotan gabiltza orain”.
Gurasoak, parkea garbitzen eta egokitzen
Hezkuntza komunitate osoak duen inplikazioaren adierazle dira Lardizabalgo batzorde mistoak: irakasle, ikasle, guraso eta udal ordezkariek hartzen dute parte eta batzorde horietako bat da Kanpo-espazioaren eta aire zabaleko ekintzen batzordea. Batzorde horri esker, esaterako, ikasleentzako bilgune izango diren eserlekuak prestatzen ari dira parke botanikoan. Eta duela gutxi, parkearen eremu handi bat garbitu eta egokitu dute familiek, ikasleek erabili ahal izateko.
"Hezkuntza Sailak bere protokoloan idatzi zuen ‘aire zabaleko jarduerak lehenetsiko dira’. Primeran. Baina gero hori gauzatu ahal izateko zein baliabide jarri da? Batere ez!"
Kanpora ateratzeko oztopo administratiboak
“Hau herri txikia da, eta horrek erraztu egiten du Udalarekiko hartu-emana, baina borondatea eta horretarako jarrera behar da, eta hori badago”, dio zuzendariak. Ezin berdina esan Eusko Jaurlaritzak duen jarrerari buruz: “Hezkuntza Sailak bere protokoloan idatzi zuen ‘aire zabaleko jarduerak lehenetsiko dira’. Primeran. Baina gero hori gauzatu ahal izateko zein baliabide jarri da? Batere ez! Irteteko laguntza gehiago eman dezake administrazioak, formazioa denentzat eta baliabide pertsonal gehiago”. Izan ere, protokoloak erraztu ordez zaildu egiten du kanpora ateratzea: ikastetxe ugaritan kanpora ezin atera gelditu dira, ikasgelan hezitzaile bakarrarekin moldatzen den taldeari bi hezitzaile eskatzen baitzaizkio kanpora irten ahal izateko eta gurasoei ez die utzi administrazioak irteeretan laguntzaile izaten. Sarri malabareak egin behar dituztela aitortu digu Amundarainek, dena koordinatzeko, eta jolasgarairako adibidez, ikastetxe ingurua ere eskola-eremutzat hartu dute eta beraz ez dute hezitzaile gehigarririk behar ingurura ateratzeko.
Kanpo eta barru arteko oreka
Oso intentsua izaten ari dela kontatu du Eider Amundarainek, egunez egun doazela ikasten eta moldatzen, eta oso gustura ari direla. “COVID19rik gabe ere, etorkizunean egitasmo hauek jarraitzea nahiko genuke, gure hezkuntza proiektuan txertatu. Kanpo eta barru arteko oreka lortzea egokia litzateke, eta hori gauzatzeko baliabideak izatea”.
GAIARI LOTUTA:
Klaseak aire zabalean emateko aprobetxatuko bagenu egoera?