argia.eus
INPRIMATU
Eskola-jazarpen kasuek gora egin dute EAEn, gehienak Bigarren Hezkuntzan
  • Eskola-jazarpenaren kontrako egunean, joan den ikasturteko datuak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak: 157 bullying kasu identifikatu dituzte EAEko ikastetxeetan, aurreko ikasturtean baino 28 gehiago. Bigarren Hezkuntzan izan dira kasu gehienak, eta hitzezko erasoak izan dira nagusi. Gaia eskolan lantzeko ekimen eta erremintak gero eta ugariagoak dira.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko maiatzaren 02a
"Planteamendu orokorrak behar ditugu, denok gara edo izan gaitezke uneren batean zaurgarri". Argazkia: PEXELS

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak 1.098 kasu aztertu zituen joan den ikasturtean, eta horietatik 157 identifikatu ditu eskola-jazarpen gisa. Aurreko ikasturtean baino gehiago dira, baina ehunekoetan, kasuen portzentajea egonkortu egin dela nabarmendu dute Jaurlaritzatik: aztertutako kasuen %12-14 inguru. Izan ere, bullyingarekiko dagoen sentsibilitatea gero eta handiagoa dela uste du Hezkuntza Sailak, “jazarpen kasuen gorakada baino handiagoa”.

Bigarren Hezkuntzan eman dira kasu guztien %62,3 eta hitzezko erasoak dira nagusi (kasu guztien %82,1ean daude eraso horiek). Atzetik datoz marjinazioa, larderia, xantaia eta mehatxua. Ziberbullyinga berriz (internet eta sare sozialen bidez egiten den jazarpena) kasuen %32,4 da.

Gutxiengoa eta gehiengoa

Orokorrean, azken urteetan lanketa handiagoa egiten da gai honen bueltan, haurren kontuak edo txikikeriak direla pentsatzeari utzi eta bullyingari duen benetako dimentsioa emanez. Prebentzio lan horretan, adituen hitzetan fokua taldean jartzea da gakoetako bat. Izan ere, datuen arabera haurren artean gutxiengo bat da erasotzaile, gehiengoa ikusle eta lekuko izan ohi da eta jarrera pasibodun lekuko horiek biktimaren laguntzaile aktibo bihurtzea litzateke erronka.

KiVa metodoak indar berezia egiten du lekuko diren horiengan eragiteko: “Haurrekin eztabaidatzen dugu jazarpen egoeretan dauden rol ezberdinei buruz, erasotzaile zuzen ez diren ikusle eta lekukoek ere rol bat daukatelako; adibidez, inguruan barrez aritzen direnek erasotzailea indartzen dute, helarazten dioten mezua da egoera entretenigarria eta dibertigarria dela. Guk ikusarazi nahi diegu prozesu horretan bakoitzak rol bat betetzen duela, zeregin bat, eta denena dela gertatzen ari denaren ardura eta erantzukizuna; bestelako rol bat jokatu dezaketela ulertzen dute, taldearen presioari men egingo ez dion rola, eta jazarpena amaitzea ekar dezakeena”.

"Planteatzen da aldatu behar dena ez dela ikaslea, ingurua baizik, komunitatea. Aldatzen bada metodologia eta egitura, beste era batera planteatzen bada hezkuntza, ikaslea ere aldatuko da"

Harreman osasuntsuak

Jazarpenera ez iristeko, harreman sanoak elikatzea da prebentzio onena. Adibidez, norbere sentimenduen gestioaz, harreman orekatu eta desorekatuez, eta funtsean harreman osasuntsuez aritzeko Haziak proiektua dute Oiartzungo ikastolan. Jaurlaritzak ere, Bizikasi ekimena jarri zuen martxan duela bost urte, bizikidetza positiborako curriculuma helburu. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte, ikasleak ahalduntzeko eta bakoitzak duen heldutasun mailaren arabera bizikidetzaren garrantzia lantzeko materiala dute.

Eta testuingurua aldatuko bagenu?

Fokua ikaslearengan jarri ordez, testuinguruan jartzen duen ekimenik ere bada: “Oinarrian, planteatzen da aldatu behar dena ez dela ikaslea, ingurua baizik, komunitatea. Aldatzen bada metodologia eta egitura, beste era batera planteatzen bada hezkuntza, ikaslea ere aldatuko da. Gurean metodo konduktiboa da nagusi: ongi portatzen den ikasleari izartxoa eta gaizki portatzen denari zigorra, ikaslean eragiten da; bada, inguruan eragitea jartzen du helburu aipatzen dugun esperientziak. Ikaslearen jokabidea aldatzen saiatu ordez, ingurua aldatu”, kontatu zigun Beatriz Garai irakasleak. Eta eredu hori jarraitzen duten Eskola Zaintzaileen berri eman zigun segidan Gema Lasarte irakasleak: “Halako planteamendu orokor baten alde ona da ikasle guztiak hartzen dituela kontuan. Azken finean, denok gara edo izan gaitezke uneren batean zaurgarri”.