argia.eus
INPRIMATU
Eskola jazarpen kasuak bikoiztu egin ziren 2015-2016 ikasturtean
  • Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak 2015-2016 ikasturteko jazarpenari buruzko datuak eman ditu. Azaldu duenez, igoera nabarmena izan zuten. Hitzezko erasoak izan ziren ugarienak eta askok internetekin zerikusia izan zuten. Prentsaurrean zabaldu ditu datuak Uriartek, Maite Alonso sailburuordea eta Jose Antonio Romero Hezkuntza Ikuskaritzako buruarekin batera.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 09a

121 jazarpen kasu zenbatu zituen Hezkuntza Ikuskaritzak 2015-2016 ikasturtean. Datu horrek aurreko ikasturtean jasotakoa bikoiztu du. Hazkundearen arrazoia tolerantzia mailaren jaitsiera izan dela adierazi du Cristina Uriartek. Alegia, bere esanetan, jazarpenak ez du gora egin, baina kasu gehiago salatu dira.

Gehien errepikatzen den jazarpen mota hitzezkoa da, kasuen %43. Bigarren tokian bazterketa dago (%25), ondoren eraso fisikoak (%16) eta ondoren mehatxuak edo xantaiak (%11,6). Jazarpen sexualek edo sexistek %1 baino gutxiago betetzen dute. Kasuen %23an zerikusia izan dute internet edo sare sozialek. Eskola publikoetan eraso gehiago egon da pribatuetan baino, eta mutilen artean nesken artean baino gehiago. Ezberdintasunak, baina, ez dira esanguratsuak, Uriarteren arabera.

Hizlariek prebentzioan jarri dute fokua. Kasu zehatz bat amaitutzat eman arren lanean jarraitu beharra azpimarratu dute. Jose Antonio Romero Hezkuntza Ikuskaritzako buruak azaldu duenez, lanketa ikastetxean egin behar da, ikasle eta familiekin. Eta ondorio esanguratsua: ikastetxe aldaketa saihestu behar da.

Datozen hilabeteetan eskola jazarpenaren aurkako plan berri bat diseinatuko dutela azaldu du Maite Alonso Hezkuntza Sailburuordeak, baino ez du informazio zehatzik eman. Eskola jazarpenaren biktimek Zeuk Esan telefonoa eskuragarri dutela gogorarazi du. Babes eske deitzen duten gazteek psikologo talde baten laguntza jasotzen dute. 116111 zenbakia da.