argia.eus
INPRIMATU
Eskola jardun jarraitua vs zatitua, protestak Nafarroan
  • Eskola jardun jarraitua vs zatitua, ika-mikak bizirik jarraitzen du Nafarroan. Ikastetxe guztiei jardun zatitua aplikatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak, eta aldatu nahi duenak bozketa prozesu bat gainditu behar du. "Neurriz kanpoko bozketak" direla iritzita, protestara deitu dute Iruñean eta Tuteran. Ikastetxeen bi heren baino gehiago jardun jarraitura aldatuak ziren azken urteotan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko azaroaren 08a
Argazkia: pvproductions / Freepik

Datorren ikasturtetik aurrera, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta kontzertatu guztiei jardun zatitua aplikatuko zaie automatikoki, eta jardun jarraitu edo malgua nahi duen ikastetxeak bozkatu egin beharko du: Eskola Kontseiluaren %25ak aldaketaren alde bozkatu behar du, ondoren Hezkuntza Departamentuak oniritzia eman behar du, eta azkenik familien 3/5ak aldaketa babestu behar du.

Hautsak harrotu ditu erabakiak, azken urteetan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe gehienek zatitutik jarraiturako trantsizioa egina baitzuten. Eskola publikoen artean, %85ak jardun jarraitua aukeratua du, eta eskola publiko eta kontzertatuak kontuan harturik, ikastetxe guztien %71k egina du jarraituaren alde. Orain, jardun hori mantendu nahi dutenek prozesuari ekin beharko diote berriro. Hala dio Foru Aginduaren zirriborroak.

"Hamabost urtetan zehar 170 ikastetxetatik 145ek haien ordutegia aldatzeko prozesua eta esfortzuak egin ostean, orain guztiok ordutegi zatitura bueltarazi nahi gaituzte; errespetatu eskola komunitatearen hautua". Hitz horiekin, elkarretaratzeak deitu dituzte ostegun honetarako, 17:30ean, Iruñean eta Tuteran, Nafarroako Gobernuaren eraikinaren aurrean. Kexu dira, batetik, bozketa prozesua gogorregia dela iruditzen zaielako; besteak beste, "irakasleen iritzia ez da erabakigarria, kontsultarako baino ez da izango" eta "bozkatzen ez duten familiak jardunaldia ez aldatzeko ezezko boto gisa zenbatzea ez zaigu bidezkoa iruditzen". Bestetik, jardun jarraitua nahi duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak "are gehiago estutu ditu Gobernuak, baliabide berdinekin lan gehiago egitera behartuta". Izan ere, arratsaldeko saioa, irakaskuntzako saio ez izatetik irakaskuntzako saio izatera igaroko da jardun jarraituan.

Alde eta kontra

Eskola-ordutegia eztabaida iturri izan da azken urteotan. Jardunaldi jarraitua kalteko ikusten dutenek argudiatu ohi dute ordu gehiegi direla segidan, beranduegi bazkaltzea dakarrela, kontziliazioaren ikuspegitik egoera ahulenean dauden familiei kalte egiten diela, eta arratsaldetan eskolako patioak duen elkargune izaera galtzen duela. Jardunaldi jarraituaren aldekoek, berriz, nabarmentzen dute arratsaldea eta familia-orduak berreskuratzeko modua dela, ikasleen absentismoa jaisten dela eta aldaketa egiten duten ikastetxe gehienek positiboki baloratzen dutela.

Foru Agindua ateratzear zela, gaiari buruzko jardunaldia antolatu zuen Nafarroako Eskola Kontseiluak: "Eskola jardun jarraitua ala zatitua debate faltsua da".