argia.eus
INPRIMATU
Eskola jardun jarraitua ala zatitua? Nafarroako Gobernuaren diagnostikoa bidean da
  • Asko dira azken urteetan eskolaldi zatitutik jarraitura igaro diren ikastetxeak Nafarroan, ika-mika ere sortu du gaiak aldeko eta kontrakoen artean. Jardun jarraituaren “izaera esperimentala” amaitutzat eman eta aldaketak eragindako ondorioen ebaluazio sakona agindu du orain Nafarroako Gobernuak, ikastetxeetako ordutegien foru-arau berria atera aurretik.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko azaroaren 22a
Argazkia: Pixabay

2017-2018 ikasturtean jardun jarraitua 13 ikastetxek izatetik 2022-2023 ikasturte honetan eskolaldi jarraitua dutenak 154 ikastetxe izatera igaro dira, tartean daude ikastetxe publiko gehienak. Eskoletako ordutegia arautuko duen foru-agindua ateratzear dela, hezkuntza komunitateak eskatu bezala lehendabizi datuak bildu eta diagnostiko sakona egingo duela adierazi du Hezkuntza departamentuak.

Guraso elkarteen, ikastetxeetako zuzendaritzen eta irakasleen iritziak jasoak dituztela dio Hezkuntza departamenduak, ordutegi antolaketaren aldaketak zein eragin pedagogiko, akademiko, antolamenduzko eta kontziliaziozko izan dituen aztertzeko.

Aldaketaren izaera esperimentala amaitu dela eta 2024-2025 ikasturtean ikastetxe guztiek berriz ere beren jardunaldia erabaki beharko dutela azaldu du Gobernuak.

Jarraitua vs. zatitua, ika-mika iturri

Zatitutik jarraitura igarotzeko prozesuan, guraso talde batek salaketa egin zuen joan den ikasturtean: batetik, ikastetxeko zuzendaritzak eztabaidarik gabe hartutako erabakia izan zela kritikatuz; bestetik, jardunaldi jarraitua kalterako dela argudiatuz, bereziki Haur Hezkuntzako ikasleentzat jarraian ordu gehiegi sartzea eta beranduegi bazkaltzea dakarrela iritzita. Ikuspegi pedagogikotik, goizeko azken orduak arratsaldekoak baino neketsuagoak direla azpimarratu du guraso talde horrek, eta eskolaldi jarraitua ez dela inklusiboa, egoera ahulenean dauden ikasleei eta malgutasun txikiagoa duten familiei egiten diela kalte, “ikasle horiek baino ez direlako geratzen arratsaldeko orduak betetzeko eskolan bertan antolatzen dituzten eskolaz kanpoko jardueretara”. Bizikidetzari begira, “16:30etik aurrera patioak duen elkargune izaera galtzen” dela gaineratu dute.

Oso bestelako iritzia duten gurasoak ere badira eta Argian kontatu zutenez, eskolaldi jarraitua duten ikastetxeetan balorazioa oso positiboa da eta “behar gehien dituzten familia asko dauden ikastetxeetan baloratu da hobekien, eskola ghettizatuetan adibidez”. Horretarako gakoetako bat da arratsaldetan ikastetxean bertan eskolaz kanpoko ekintzak doan eskaintzen direla. Eskolaldi jarraituarekin ikasleen absentismoa jaisten dela (arratsaldez ez zirelako eskolara joaten) eta eskola gatazkak gutxitzen direla ere badiote, “eguerdiko bi orduko tartea kentzeari edo haurrak soilik goizez lasaiago aritzeari lotuta uler daitekeena”. Haurrak 8-9 orduz ikastetxean izan beharrean, jardun jarraitua “arratsaldea eta familia-orduak berreskuratzeko” modua ere badela azpimarratu dute.

Eztabaida mahai gainean da, eta Nafarroako Gobernuak bidean duen diagnostikoa argigarriak izan daiteke, praktikan ordutegi batek eta besteak arlo ugaritan duten eragina ikusteko.