Urriaren 3tik 5era Eskola-Elikadura Osasungarri eta Iraunkorrari buruzko II. Nazioarteko Jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, Bidezko Elikadura eta Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (EHIGE) antolatuta. "Gozo" dute izena jardunali hauek. Bertako eta nazioarteko esperientzia eredugarriak ezagutu ahalko dira bertan: erakunde publikoek sustatutako ekimenak, ekoizleek martxan dituzten proiektuak, eta hezkuntza-komunitateak lortutakoak.
Hainbat arlotatik jorratuko dute elikadura osasungarria eta hezkuntza lotzen dituen jardunaldietan. Batetik, erakunde publikoek sustatutako esperientzia interesgarrietako batzuk ezagutzera emango dituzte. Hona azalduko diren proiektuetako batzuk:
Gasteizko Udalak elikagai ekologikoak, iraunkorrak, freskoak eta sasoikoak dituzten bost haur-eskolak kudeatzen ditu eta jardunaldietan azalduko du nola jarri zuten martxan eta bidean zer zailtasun aurkitu dituzten.
Italiako Sesto Fiorentinoko catering publikoa kudeatzen duenak azalduko du nola pasatu diren elikadura-enpresa kilometrikoa izatetik beren eskolei bertako elikagai ekologikoak eskaintzen dizkien enpresa publiko bat izatera.
Valentziako Udalak kontsultarako eta sektorean parte hartzeko organo bat du, Valentziako Elikagaien Kontseilua izenekoa, eta bere helburua da tokiko nekazaritzako elikagaien sistema jasangarriagoa, osasungarriagoa eta bidezkoagoa sustatzea. Jardunaldietan azalduko dute zer lege-proposamen egiten ari den Espainiako Kontsumo Ministeriotik eta Valentziako Generalitatetik arautu ditzaten elikadura txarraren publizitatea eta marketina.
Bertako lehen sektorea gakoa da eskola-elikadura osasuntsua bermatzeko. Alor honi lotuta, Debagoienako Ereindajan proiektua ezagutzera emango dute.
Nafarroako Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluaren esperientzia ere aztertuko dute, Nafarroako 50 ikastetxetako 12.000 menutan "TOP 5 elikagaiak" sartzea lortu baitu (ekologikoak, lokalak, freskoak, sasoikoak eta lehen sektorekoak).
Jardunaldi hauetan, baita ere aztertuko dute zer garrantzia duen erosketa publikoak, lehen sektore jasangarri eta bidezkoa sustatzeko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, "hezkuntza-komunitateak presio-elementua izan behar du ikasleentzako elikadura osasuntsua lortzeko". Honen adibide modura, eskola-jantoki publikoa bertako produktu ekologikoekin kudeatzen dituzten bi esperientzia egonkor azalduko dituzte: Laukariz (Mungia) eta Urduña.
Beasaingo Murumendi eskolak Biziola kooperatibarekin batera abian jarri duen proiektuaren berri emango du.
Eta Jakako San Juan de la Peña eskola publikoak ere bere esperientzia ezagutzera emango du: zuzenean kudeatzen du bere jantokia,
bertako eta sasoiko elikagaiekin.