argia.eus
INPRIMATU
Eskola jantokien iruzurrean Jaurlaritzak duen erantzukizuna ikertzeko batzordean akordiorik ez
  • Eskola jantokietako esleipenetan, hamar urtez zerbitzuaren prezioa adosteagatik zortzi enpresari hemezortzi milioi euroko isuna ezarri zien Lehiaren Euskal Agintaritzak 2016an. Iruzurrean Eusko Jaurlaritzak zuen erantzukizun politikoa zehazteko ikerketa batzordea osatu zen ondoren Legebiltzarrean eta aste honetan zen ixtekoa, PPk EAJ-PSErekin testu bat adostu ostean. Azken orduan, baina, testuarekin bat ez egitea erabaki du PPk.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 08a

2018an abiatu zuen Eusko Legebiltzarrak ikerketa batzordea, PP, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk bultzatuta. “Euskadin inoiz izandako ustelkeria kasurik handiena” zela adierazi zuen orduan PPk, baina ondoren, Eusko Jaurlaritzak auzi honetan ardura politikorik ez zuela izan (zehazki, ez dagoela frogatuta enpresen eta Jaurlaritzaren artean horretarako harremanik izan zenik) dioen testua adostu zuen PPk EAJ-PSErekin.

Hiru alderdi horiek testua onartuta, ikerketa batzordea aste honetan ixtea aurreikusten zen, baina azken unean atzera egitea erabaki du PPk, Eldiario.es-ek kontatu duenez. Hurrengo bilera hauteskundeen ostera arte atzeratzea proposatu du batzordeko buru Larraitz Ugartek (EH Bildu), ez baita akordiorik lortu. EH Bilduk 70 milioiko galera (eta kalte ekonomikoa) egozten die irregulartasunei, Elkarrekin Podemosek berriz, 80,2 milioi eurokoa.