Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea da EHIGE eta Gure Platera, Gure Aukera ekimenaren bidez eskola jantokietan elikadura osasuntsuago eta jasangarriagoa sustatzen du. Martxoaren 27an online Topaketa antolatu du, eskola jantokien egungo egoeraren informazioa emateko, elikadura burujabetzan bidea urratzen ari diren eskolen esperientzia ezagutzeko eta aurrera begirako aukerak eta sinergiak lantzeko. "Eskola-jangela eredu-aldaketan inplikatuta dagoen edo inplikatzeko asmoa duen pertsona edo kolektibo orori" egin diote dei parte hartzeko.
Gure Platera Gure Aukera ekimenak 30 kolektibo sozial, sindikal eta hezitzaile biltzen ditu eta sei urte daramatza lanean "eskola-jantoki osasuntsuago, hurbilago, bidezkoago eta hezigarriago batzuen alde". Topaketen berri emateko oharrean gogoratu dute gaia zertan den: catering enpresen lehia iruzurragatik ikerketa batzordea osatu zen eta Eusko Legebiltzarrean 2019ko urrian akordioa erdietsi zuten: "Urrats zehatzak, irmoak eta benetakoak behar dituen fase berri batean gaudela uste dugu" dio EHIGEk.
EHIGEk azaldu duenez, "akordio horren arabera, eskola-jantokien kudeaketa sistemak aldaketak eta hobekuntzak behar ditu esleipen, gardentasun- eta kontrol-prozeduretan. Akordio horretan, Eusko Legebiltzarrak sistema osagarri baten oinarriak zehazteko ere eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, kudeaketa berritzaile eta deszentralizatuaren alde egiten duten ikastetxeek aukera bideragarriak izan ditzaten". Gai honetan gakoa da, azken urteetan Jaurlaritza izan dela eskoletako jantoki guztiak zuzenean kudeatu dituenak, eta horren ondorio dela lehia publikora ateratzen dituen zerbitzuak catering enpresa handien bidez hornitzea, tokian tokiko ekoizle eta langileak kontratatu beharrean, eta eskola komunitate bakoitzak bere jantokian zer jango den erabaki beharrean.
EHIGEren azalpenen arabera, Legebiltzarrak 2019ko urrian Jaurlaritzari eskatu zion "hala eskatzen zuten ikastetxeetan sukaldeak eraikitzeko, baita informazio-prozesu bat ezartzeko ere, eskola-jantokien zerbitzuaren kontratazio-pleguen oinarri tekniko berriak kontrastatzeko eta, horrekin guztiarekin, indarrean dagoen araudia berridazteko".
EHIGEk positibo baloratu du urtez urte irekitzen ari den bidea: "Azken urteotan egindako lan guztiak eta lortutako aurrerapen txikiek metxa txiki asko piztu dituzte, eta proposamen erreal eta gauzagarri bihurtzen ari dira Euskal Herriko hainbat eskualdetan. Azken asteotan, pertsona asko jarri dira harremanetan Gure Platera Gure Aukera osatzen duten erakundeekin, eskola-jangelen buruzko informazioa eskatzeko. Beraiek pausoak ematen hasi dira eskola-jangela kudeatzeko eredu berri eta gauzagarri bat eratzeko helburuarekin. Ekimen horiek guztiak modu desberdinean sortu dira, baina guztiek eskola-jangela osasuntsuagoa, hurbilago,a bidezkoagoa eta hezigarriagoa lortzeko helburua dute, eta horretarako sinergia desberdinak sortu dira beste hainbeste sektoretan".
Martxoaren 27an Topaketa
Topaketa martxoaren 27an izango da, online, 10:30ean. Beharrezkoa izango da izena ematea, hemen.