argia.eus
INPRIMATU
Eskola gehiago

Lurdes Imaz 2020ko irailaren 14a

Politikariek erabaki bat hartu behar dutenean, egoera zaurgarrienean dauden gizarteko kolektiboei nola eragingo dien izan beharko lukete kontuan“. Horrelako zeozer bota dit lagun batek asteburuan, martxotik etenik ez duen gaiari buruz solasean ari ginela. Garraio zerbitzu publikoa kendu eta herritarrei kotxea erabiltzeko eskaera egin dien agintari bati buruz ari ginen.

Osasun krisiak aldaketa sakonak ekarri ditu ikastetxeetara, eta ez soilik urruntze neurriak mantendu eta maskarak erabili behar direlako. Goizeko zaintza eta eguerdi eta arratsaldeko eskolaz kanpoko ekintzarik ez egitea gomendatu zaie eskolei. Klaseak hasi diren arren,

"Hiritar guztien eskubideak bermatuko dituen eskola eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da eskolaren “txikiagotze” prozesu honi buelta ematea ahal bezain laster"

jantokietan segurtasun distantziak mantentzeko baliabiderik jaso ez dutenez eskolek, lana eta bizitza uztartzeko hain garrantzitsua den zerbitzu hori gabe geratzeko arriskuan daude hainbat familia egun hauetan. Horrez gain, ikastetxe asko itxita egongo dira arratsaldeetan, etapa guztietakoak Nafarroan eta bigarren hezkuntzakoak EAEn.

Bitartean, enpresa pribatuek ez dute denborarik galdu eta propagandez josi dituzte guraso elkarte eta familien buzoi eta posta-elektronikoak, “bakoitzaren beharretara” egokitutako eskaintzekin. Bestalde, ziurgabetasun egoerarekin kezkatuta, familia asko elkarren arteko sareak osatzen ari dira seme-alaben zaintza bermatu ahal izateko, baldin eta ikastetxeak berriro ixten badira.

Eskoletako zerbitzuak murrizteak eragin nabariak ditu, hainbat ikerketak erakutsi duen moduan: oinarrizko lanbideak dituztelako etxean geratu ezin diren gurasoen eta arratsaldeetan etxean dauden edo etxetik lan egin dezaketenen arteko arrakala, egoera sozioekonomiko baxua duten ikasleek sufritzen duten arrakalaren areagotzea, arazo sozialak nerabezaroan, emakumeen zaintza lanen gehitzea eta lan merkatutik kanporatzea…

Hiritar guztien eskubideak bermatuko dituen eskola eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da eskolaren “txikiagotze” prozesu honi buelta ematea ahal bezain laster, ziurgabetasun-egoera apur bat baretzen denean. Hezkuntza komunikabideen zurrunbilotik ateratzen dugunean eta behingoz agintariek gizartearen erdigunean ipintzen dutenean, behar dugun denbora guztia hartu beharko genuke eztabaida sakonak egiteko eskola komunitateetan, lagunak esan zizkidan hitzak kontuan hartuta. Eta gero oso zorrotzak izan behar gara erabakiak hartzen dituztenekin, osasun krisia aprobetxatu ez dezaten zerbitzu publikoak murrizten jarraitzeko.

 

*Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea da