Eskola-garraio enpresak zerbitzua ematera behartu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak, baina planto egin dute. Enpresek helegitea jarriko dute ostegunean.
Ikasturteko lehen egunean ez dute eskola-garraio zerbitzurik jaso Araba eta Bizkaiko eskola publikoetako 10.000 ikasle inguruk. Ostiralean, kurtso hasierarako garraio-zerbitzua bermatuta ez zegoela ikusita, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak adierazi zuen enpresei ibilbide guztiak egiteko aginduko ziela.
Urte hasieran eskola garraiorako ibilbide lehiaketa egin zuen Eusko Jaurlaritzak, baina ibilbide gehienetara ez zen inor aurkeztu: 467 ibilbideetatik 387 geratu ziren hutsik. Hala, orotara ibilbideen %31 dago lizitatuta, baina alde handia dago lurralde batetik bestera. Gipuzkoan %98 daude bermatuta, Araban %5 eta Bizkaian bat ere ez.
Hori horrela, enpresak aurreko urteko ibilbideak egitera behartu nahi izan ditu Jaurlaritzak, baina horiek planto egin eta ez dute zerbitzurik eskaini. Soleto autobus-enpresako gerenteak Euskadi Irratian baieztatu duenez, ostegunean jarriko dute helegitea. Adierazi du zerbitzua eman nahi dutela, "betiere enpresen eta langileen eskubideak defendatzen badira". Gaineratu du negozioa "bi aldeek" egin behar dutela.
Jaurlaritzaren arabera, zerbitzua ez eskaintzeak ondorioak ekarriko dizkie enpresei. Enpresek diotenez, ordea, Jaurlaritzaren aginduak zerbitzua oinarrizkoa dela badio ere, "osagarria" da, eta, beraz, ez du eskumenik zerbitzu hori ematera behartzeko.
Bildarratzek ohartarazi zuen enpresek legea urratu duten susmoa dutela, enpresek akordioak egin dituztelakoan prezioak puztu eta lehiaketetara ez aurkezteko. Horregatik, Hezkuntza Sailak duen informazioa Lehiaren Euskal Agintaritzari igorri dio eta Fiskaltzan salaketa jarriko du.
Iaz ere kolokan egon zen eskola-garraioa kurtso hasieran, baina Hezkuntza Sailak %24,1eko igoera ezarri ondoren enpresek zerbitzua eskaintzea erabaki zuten.