argia.eus
INPRIMATU
Eskola-garraio zerbitzua bermatuta izan gabe jarraitzen dute Araba eta Bizkaiko 7.000 ikasle inguruk
  • Bildarratzek enpresei leporatu die "familiak bahitu gisa erabiltzea" eta ohartarazi du zerbitzua ez badute betetzen "ondorioak" izango dituztela. Aiarako Etxaurren ikastetxean greba egin dute eta astelehenean ez dituzte haurrak eskolara eraman.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 11
Bildarratzek garraio enpresei egotzi die zerbitzurik ez egotearen gaineko ardura. (Argazkia: EITB)

Eskola-garraio zerbitzuaren aferak konpondu gabe jarraitzen du Araban eta Bizkaian. Eusko Jaurlaritzak atzera bota ditu garraio-enpresek eskatutako kautelazko neurriak, baina astelehenean ere ez dute zerbitzurik jaso ikasle askok, kopurua zehaztea zaila den arren enpresa bakoitza erabakiak bere kabuz hartzen ari delako. 7.000 inguru dira gatazka honen ondorioak jasaten ari diren ikasleak, 30 bat enpresak egin baitute planto.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua elkarrizketatu dute Onda Vasca irratian. Bertan adierazi duenez, Hezkuntza Sailak ez du daturik garraio enpresak gaur zerbitzua ematen ari diren esateko, gaur-gaurkoz ez baitauka harremanik enpresa horiekin. Horiei egotzi die gertatzen ari denaren gaineko ardura, eta "familiak bahitu gisa erabiltzea" leporatu die. Horrez gain, ziurtatu du "nola edo hala" bermatuko dutela zerbitzua eta kaltetutako familiek kalte-ordainak jasoko dituztela.

Urte hasieran eskola garraiorako ibilbide lehiaketa egin zuen Eusko Jaurlaritzak, baina ibilbide gehienetara ez zen inor aurkeztu. Hala, lizitatu gabe geratu ziren zerbitzu asko, eta garraio-enpresak kurtso hasieran iaz egindako ibilbideak egitera behartu nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzak. Enpresek Jaurlaritzaren aginduaren aurka planto egin eta kautelazko neurriak eskatu zituzten. Jaurlaritzak, ordea, atzera bota ditu neurriok.

Bildarratzek ohartarazi du enpresek zerbitzua emateko agindu exekutiboa dutela, eta "ondorioak" izango dituztela betetzen ez badute. Sailburuaren arabera, zerbitzuaren benetako kostua eta etekin industrialaren %6 ari zaizkie ordaintzen.

Protesta modura, Aiarako Etxaurren ikastetxean greba egin dute astelehenean eta gurasoek ez dituzte seme-alabak eskolara eraman. Modesto Marin gurasoen elkarteko ordezkariak Naiz irratian aurreratu duenez, astearterako arazoa ez bada konpontzen ibilaldia egingo dute eskolara.

Garraio enpresen kontrako espedientea

Hezkuntza Sailak garraio enpresek legea urratu duten susmoa du, enpresek elkarren arteko akordioak egin dituztelakoan lehiaketara aurkezterako garaian. Bildarratzen ustez "deigarria" da Gipuzkoan ibilbideen %100 betetzea, Araban %50 inguru eta Bizkaian %10 baino gutxiago. Hori ebazteko, EAEko lehia batzordeak 76 garraio enpresen kontrako espedientea jarriko duela iragarri du.