argia.eus
INPRIMATU
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...
  • Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar ezagutzeko eta bi munduak harremanetan jartzeko guneak sortzea, eta horregatik abiatu zuten egitasmoa. “Landa eremuko bizia ikasleei ezagutaraztea da proiektuaren helburua, eta horretarako, ekoizleok joaten gara eskoletara tailerrak ematera”, azaldu du Sergio Martinez de Rituerto erlezain arabarrak. Lehen urteetatik egitasmoko partaide da bera.

Garazi Zabaleta 2024ko martxoaren 18a

Gaur egun hamar bat ekoizle dira proiektuan parte hartzen dutenak, nahiz eta hamarkada honetan zehar asko izan diren bertatik pasatu diren nekazari eta abeltzainak. Ikasturte bakoitzean 40 eta 50 tailer artean ematen dituzte herrialde osoko eskoletan: “Ekimenarekiko interesa erakusten duten eskola guztietara mugitzen gara, Araba osoan”, azaldu du.

Proiektuan parte hartzen duten ekoizleak eta bultzatzaileak urtean bizpahiru aldiz elkartzen dira landuko dutena denen artean antolatzeko eta zehazteko. “Hainbat ekoizpen motatako jendea biltzen gara: behi-ukuiluak dituztenak, barazkiak ekoizten dituztenak, eredu intentsiboagoan nahiz eredu ekologiko txikian, gaztagileak, mahastizainak…”. Familia-ekoizpenak dira guztiak, eta garrantzitsutzat jotzen dute ekoizleak beraiek izatea eskoletara joaten direnak, lehen pertsonan hitz egiten dutenak. “Hurbileko ekoizpenak bizirik mantentzearen garrantziaz ohartaraztea da helburu nagusia, nahiz eta ekoizle bakoitzak gure modura antolatzen dugun jarduera”.

Urtero mila ikasle inguru

Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleei zuzenduta dago programa, 11 eta 12 urteko ikasleei. Aurreko zenbait urtetan gazteagoekin ere elkartu ziren ekoizleak, 8 eta 12 urte bitartekoekin. “Ikasturte bakoitzean 900 eta 1.000 ikasle artean pasatzen dira gure tailerretatik”, azaldu du erlezainak. Urte batetik bestera, ekoizleak txandakatuz doaz haien artean, ikasleek jarduera bat baino gehiago ezagutu dezaten.

“Eskola batetik bestera asko aldatzen da, baina, orokorrean, eta batez ere hirian, haurrak landa eremutik oso deskonektatuta bizi direla sumatzen dugu. Horregatik, uste dugu garrantzitsua dela landa eremua eta hango herritarrak existitzen garela ikustea, elikagaiak nork eta nola ekoizten dituen ikas dezaten”.