argia.eus
INPRIMATU
Eskola estigmatizaturik ez Judimendin: familia euskaradunek ere izena eman dute auzoko eskolan
  • A ereduko eskola D ereduko bihurtzea erabaki dute Gasteizko Judimendi auzoan, eta aurre-matrikulazioak emaitza nabarmena utzi du: orain arte profil erdalduna zuen eskolan, 2 urteko gelan izena eman duten 15 umeetatik erdia inguru familia euskaradunetakoak dira. “Segregazioa apurka-apurka amaitzea denon nahia da, eta gurasoen inplikazioa eta konpromisoa gakoa da bide horretan”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko martxoaren 05
"Pausoa bakarrik emateak beldurra eman dezake, taldeak beste indar bat du". Argazkia: Judimendi eskola

A eredukoa izanik, ikasle guztiak jatorri atzerritarreko familien seme-alabak edo etxean erdaraz bizi diren familiak dira Judimendin. Auzoko guraso euskaldunen seme-alabak ere erakarri asmoz, ordea, D eredura pasako da: 2 urteko mailan hasiko da, eta pixkanaka, urte batzuen buruan, maila guztiak hartuko ditu euskarazko murgiltze ereduak. D eredua lehen aldiz izango duen ikasturterako, izena eman duten familien erdia euskaradun gurasoak izateak erakutsi du apustuaren arrakasta: “Oso balorazio ona egiten dugu, beharra zegoela ikusi da; eskolak auzora zabaltzeko ahalegina egin du eta familiek lekukoa hartu dute. Familia talde berri honen ausardia eskertzen dugu, eraldaketa prozesuaren zutabe oso garrantzitsua izango baitira, ezinbestekoa dela esango nuke”, kontatu dio ARGIAri Amaia Zudaire eskolako zuzendariak. Azken finean, “pausoa bakarrik emateak beldurra eman dezake, taldeak beste indar bat du”.

Lanketa baten emaitza ere bada, gurasoekin aurrez izandako hartu-emanak fruituak eman baititu. Trantsizio prozesuaren berri emateko, eskola ezagutarazteko eta familiek behar zituzten azalpen guztiak helarazteko ekimen ugari egin da auzoan. “Familia berrien artean badago kezka, hizkuntzen arteko elkarbizitza hori nola izango den, eta guztiz ulergarria da; azaldu diegu nola jardungo dugun, zein erreferentzia ditugun… eta aurten horri helduko diogu, lanketa garrantzitsua da-eta, esperientziak ere esango digu nondik nora jo”.

Duela urte batzuk A eredutik D eredurako jauzia eman zuen Ramon Bajo ikastetxea ere izan dute bidelagun. Ramon Bajo Gasteizko alde zaharreko eskola publikoa da eta haien ibilbidea baliagarria izan zaie. “Jasotakoa gure errealitatera ekarri behar dugu; hau hasiera besterik ez da”. Ramon Bajok emandako gakoetako bat: harremanak eta harrera asko zaintzea, urrats bakoitza ondo azaltzea.

"Familia berrien artean badago kezka, hizkuntzen arteko elkarbizitza hori nola izango den, eta guztiz ulergarria da; azaldu diegu nola jardungo dugun, zein erreferentzia ditugun…"

Segregaziotik aniztasunera

Hezkuntzan, ikasleen segregazioa hizketagai nagusietakoa den honetan, aniztasunari ateak zabaldu dizkion Judimendi eredu al da? “Ez gara ezeren eredu –dio Zudairek–, gu ere beste eskolen esperientzietatik abiatu gara eta hausnarketa egin dugu; erronka polita dator, publikoa, anitza eta euskaraz; egungo errealitatea anitza da eta denok gara aldaketa horren parte, denok egin behar dugu bat”.

Judimendi eskola auzoaren errealitatearen isla dela dio zuzendariak, errealitate anitza, aberastasunetik ulertuta. Auzoaren erdigunean kokatua, ingurura irekita dagoen eskola txikia da, Haur eta Lehen Hezkuntza hartzen dituena: “Denok ezagutzen dugu elkar eta horrek asko errazten ditu gauzak, denok batera jarduten dugu; kalitatezko hezkuntzarekin lotuta daude gertutasuna eta hurbileko harremanak”. Ratio txikiak, belaunaldi arteko pedagogia, berriki eraldatutako jolastokia… abantaila erakargarriak dira, Judimendi eskola aukeratu dutenentzat. Eta hori guztia, nola ez, euskaratik eta euskaraz.