Hezkuntzako sindikatuak kalera atera dira eskola lau egunetik bostera luzatzeak langileen lan baldintzak kaltetzen dituela salatzeko.
Sei sindikatuk protesta deitu, eta manifestazioa egin dute Baionan –LAB, FERC CGT, FNECFP FO, SUD Education, CNT, FAEN eta SNUipp-FSU–.
Aurtengo urtarrilean onartu zuen Frantziako Gobernuak 'Eskola Erritmoen Erreforma'. Horren arabera, 3 eta 11 urte arteko haurrek astean bost egunez izango dituzte klaseak –orain arte lau egunez zituzten–. Egun bat gehiago bai, baina egunero hiru ordu laurden gutxiago pasako dituzte ikasgeletan. Era horretan, klasez kanpoko ekintzak bultzatu nahi dituela dio Gobernuak.
Ipar Euskal Herrian soilik Ainhoako ikastegiak jarri du martxan neurria. Gainontzekoek uko egin diote aplikatzeari.
Erritmoen-erreforma nola egingo da?
Sindikatuek ez dute erritmoen erreforma bere horretan kritikatu, baizik eta ezartzeko Frantziak hartutako bidea; behar beste baliabide ekonomiko ez bideratzea leporatzen diote, eta ondorioz, langileria kaltetzea.
Era berean, eskolaz gaindiko aktibitateak sostengatzeko udaletxeek diru-laguntzak behar dituztela gogoratu diote Estatuari.
LABen arabera, erreforman, “egiteko moldea” da egokia ez dena. Galdera ironikoa utzi du airean sindikatuak, Frantziako Gobernuak azken urtean egindako murrizketak azpimarratuz: “Erritmoen gaia neurri erreferentea bilakatu nahi izatea aurpegi zuritze bat besterik ez balitz?”. Hala, beste gai batzuk ahazteko erabiltzen duela iradoki du.