argia.eus
INPRIMATU
Eskola eredu berria birpentsatzeko eta marrazteko garaia da

Sortzen Euskal eskola publiko berriaren aldeko ekimena 2020ko maiatzaren 13a

Ziurgabetasunez beteriko garai zailak bizitzen ari gara, eta jakin badakigu ez dela erraza izango egoera berezi honetan eskoletara bueltatzeko plan egokia diseinatzea. Hezkuntza departamentua eskoletara bueltatzeko aukera aztertzen ari da une honetan, Osasun Sailak emandako gomendioak kontuan hartuta. 

Eskolara bueltatzearen inguruko erabakiak hartzerakoan oso garrantzitsua deritzogu hainbat kontu aintzat hartzea. Alde batetik, Nafarroako eskola kontseiluaren txostenak ematen dituen aholkuak. Eta,  bestetik, jakina da eskolara itzulera antolatzea oso lan arduratsua dela, eta hezkuntza komunitate osoari dagokiola. Beraz, antolaketa prozesuan hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea bermatzea ezinbestekoa deritzogu.

Orain egun batzuk, gurasook inkesta bat jaso genuen, zeinetan, 3 galdera eta oharrak atxikitzeko aukera ematen zitzaigun. Horietako galdera bat, soilik 3-6 urte bitartekoentzat zen, eta, orduan,  6-12 urteko haurren zaintza eta heziketa prozesua ez da kontuan hartu behar ala? Eta beste etapak? Familia guztien eta gizarte osoaren ardura da Hezkuntza publikoa eta kalitatezkoa jaso ahal izatea, eskubidea da, eta hori bermatu beharra dago.

"Baliabide gehiago esleitzea behar-beharrezkoa irizten diogu: irakasle eta hezitzaile gehiago, ratioak txikitu, espazioak zabaldu, metodologia berriak landu, aisialdia euskaraz"

Eskolak hainbat haur eta gazteren beharrak bete eta asetzen ditu. Ikasleak erdigunean jarriz, inkesta horretan beste galdera batzuen falta sumatu dugu, eta inkesta bete aurretik ere, argibide batzuk jasotzea ere behar-beharrezkoa litzateke.

Zer argituko dute inkestan jasotako datuek? Egia da herri hau aurrera bideratzeko guztiok parte hartu behar dugula, guztion lana behar-beharrezkoa dela. Beraz, haurrak eskoletan utziz gero, gurasoak lanera buelta gintezke, baina, bada garaia, zaintzaren garrantzia ikusarazteko, itxialdi egun hauetan ikusi ahal izan dugun bezala.Txiki, gazte, heldu, gaixo, elbarri, zein behar bereziak dituztenak. Gizarte osoaren arteko zaintza behar-beharrezkoa da. Eskola ez da haurrak uzteko tokia, eskolak eta ikas komunitate osoak bere funtzioa du, funtzio hezitzailea, hain zuzen ere. Eta, horregatik, berriz ere diogu, egoera berezi honek ratioak jaisteko beharra argi eta garbi utzi digula.  

Ikasle bakoitzak, bakarra den heinean, beharrak ere desberdinak ditu, eta egoera honetan, oso garrantzitsua deritzogu ikaslea erdigunean jarriko duen, eta behar horiek asetuko dituen ikasturte amaiera eta hurrengo ikasturte berria ondo diseinatzea. Horretarako, baliabide gehiago esleitzea behar-beharrezkoa irizten diogu: irakasle eta hezitzaile gehiago, ratioak txikitu, espazioak zabaldu, metodologia berriak landu, aisialdia euskaraz eta abar luze bat.  Aipatutako guztiak aurrekontu handiago baten beharra agerian uzten du.

Beraz, garbitasun neurriak, elkarrenganako distantziak ondo zaintzea, eta Osasun Sailak ematen dituen gomendioez gain beste neurri eta aldaketa horiek ere ezinbestekoak dira gure eskola publiko berria eraikitzeko. Birpentsatu eta marraztu dezagun etorkizuneko eskola eredua, momentua probestuz, berrantolatuz eta eskola berria eraikiz egunez egun!