argia.eus
INPRIMATU
Eskola ekofeminista eraikitzeko bide-orria
  • Genero berdintasunaren aldeko eta biztanleriaren zati handi bat pobretzearen aurkako borrokan, ikasgeletan alternatiba errealista eta bidezkoak lantzeko unitate didaktikoa plazaratu du Steilas sindikatuak: “Eskola ekofeminista eraiki dezagun”. Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko ikasleentzako ariketa eta materialak proposatzen ditu.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko martxoaren 07a

Unitate didaktikoaren helburuak dira, batetik, gure gizarte-antolakuntza eta ekoizteko eta kontsumitzeko dugun ereduaren kontraesanak berraztertzea, eta bestetik, planeta eta pertsonon arteko harreman bidezkoagoak eta orekatuagoak proposatzea, trantsizio ekologiko feminista ikastetxeetan sustatzeko.

Nolako planetan bizi nahiko zenuke?

Horretarako, adinari eta ikasmailari egokitutako ekintzak jaso dituzte, gogoeta pizteko hainbat gairen inguruan: ekofeminismoa zertan datzan, gizakiok naturarekiko zein mendekotasun dugun (interdependentziaz eta ekodependentziaz jabetzeko), bai gure arteko zaintza bai inguruarena zeinen garrantzitsua den, uzten dugun aztarna ekologikoa zenbaterainokoa den… Ariketetako batean, zein planetan bizitzea gustatuko litzaigukeen arrazoitzeko eta eztabaidatzeko gakoak ematen ditu, adibidez; beste ariketa batek giza-jardueren inguruan hitz egitera animatzen ditu ikasleak, jarduera horiek duten ordainsaria, generoa eta naturarekiko harremana kontuan hartuz; eta ikasleek haziak landatzearen atzean dagoen irakaspena ere jasotzen du (eskola askotako jarduera klasikoa).

Hainbat adin eta ikasmailatako marrazki, ipuin, audio-ipuin eta ikus-entzunezkoak ere biltzen ditu unitate didaktikoak, tartean Babesleak, “natura, gure planeta, babesteko beraien gorputza jartzen duten emakumeen lana ikusarazi nahi duen” ipuina. Izan ere, hainbat ekofeministari tartea egiten die dokumentuak: Berta Cáceres Flores (herri indigenen eskubideak defendatzeko borroka egin zuen Hondurasen), Wangari Maathai (garapen jasangarriaren aldeko borrokalaria), Françoise d’Eabonne (gizarte kapitalistetako garapena naturaren eta emakumeen esplotazioan oinarritzen zela ikusarazi zuen), eta Aura Lolita Chávez Ixcaquic (emakumeen eskubideak eta baliabide naturalen babesa defendatzen dituen lider indigena).

Unitate didaktikoa lotura honetan deskargatu dezakezu.