argia.eus
INPRIMATU
Esklabotzari stop

Karlos Aretxabaleta 2020ko abenduaren 07a

Muxuak erosten dizkiote San Frantzisko auzoko tximeleta bati, baita balizko irribarre goxoak ere. Udazkeneko zuhaitzak baino kartsuagoak diren begiak erosten saiatzen dira bezeroak gau ilun eta hotzetan; haien arimak berotuko dituztelakoan. Hegoak ere erosi nahi dizkiote, sarri asko, baina

"Nork ez du bere burua zuritu eta garaikideak ez diren esklabotzaren irudiak gogora ekarri? Loa atseginagoa izango dugulakoan edo"

hegoak ez daude salgai, goizero behar baititu amets gaiztoetatik ihes egiteko gure tximeleta gardenak.

Abenduaren 2an Esklabotzaren Aboliziorako Nazioarteko Eguna dugu , eta askotan galdetzen diot neure buruari ea ez ote dugun gogora ekartzen irudi okerra; hau da, esklabotzaren irudi anakronikoa. Irudi horretan George Washigntonek eta Belgikako Leopoldo II.ak euren esklaboekin zerabiltzaten eskuburdinak dira nagusi. Haatik, ez al dago XXI. mendeko esklabismoa hobeto islatzen duen irudirik? Sexu-esplotazioa, pertsonen salerosketa, haurrak euren artean ezkontzera behartzea, umeen esplotazioa, eta abar.

Ez gaitezen hipokritak izan. Afera honi buruz hitz egiten dugunean edo han-hemenka zerbait entzuten denean, nork ez du bere burua zuritu eta garaikideak ez diren esklabotzaren irudiak gogora ekarri? Loa atseginagoa izango dugulakoan edo.