Colston kontzertu aretoa, Colston dorrea, Colston etorbidea, Colston kalea, Colston ospitalea, udaletxearen aurrean Colston monumentua, eliza bateko Colston bidriera, Colston eskolak, Colston zahar-etxeak, Colston opila... Hori dena Ingalaterrako Bristol hiritik atera gabe. Baina bristoldarrek nahikoa esan dute. Esklabista handienetako bati mende luzez hirian egindako zuriketari amaiera ematen hasi dira.
Bristolgo Edward Colstonen omenezko brontzezko estatua mundu osoan izan zen albiste, eraitsi eta bere jaioterriko itsasadarreraino dozenaka lagunek arrastaka eraman eta bota zutenean. 2020ko ekainaren 7an izan zen, Black Lives Matterr-ek sustatutako protesten harira, AEBetako Poliziak George Floyd hil zuela eta.
Idulkia hortxe geratu zen, grafitiz josita. Estatua, berriz, egun batzuetara kaitik berreskuratu, biltegiratu eta museo batean ikusgai jarri zuten –posizio horizontalean eta manifestarien pintadaz beteta–, afrikar ondorengoen esklabotzaren historiari buruzko informazioarekin batera.
Ikur bilakatu da Colston esklabismoa eta kolonialismoa zuritzen dituzten sinboloekin zer egin galderaren aurrean. Eztabaida bizia piztu zen hirian, Ingalaterra osoan eta herrialde anglosaxoietan (AEB eta Australia kasu) gertatu den bezala, baina Bristolgo berezitasuna da batzorde ofizial bat eratu zutela gaia herritarrekin batera bideratzeko. Lan horri ekin zion 2020ko irailean sortutako We Are Bristol historia batzorde independenteak, nagusiki unibertsitateko adituekin osatutakoak. Bien bitartean, hika-mikak kalean jarraitu zuen. Adibidez, Colston ikusgai zegoen museoa blokeatzeko kanpaina abiatu zuen esklabistaren memoriaren aldeko talde batek ekainean; eta uztailean, Colstonen estatua zegoen lekuan Black Lives Matter-eko kide Jen Reid irudikatzen zuen estatua bat paratu zuen Marc Quinn artistak.
Bertsio ofizialaren ifrentzua garaile
Estatua, jatorrian, XVII. mendeko “parlamentari eta filantropoaren” bizitza ohoratzeko eraiki zen, hirian, karitatearen bitartez, hainbat lan eta eskola egin baitzituen. Bo, hori da bertsio ofizialak dioena. Errealitatea da Colston Afrikako Errege Konpainiaren akzioduna izan zela, eta 84.000 afrikar ontziratu zituela esklabo gisa, horien artean 12.000 haur. Guztira, Colstonen enpresak "afrikar gehiago garraiatu zuen esklabotzara beste edozeinek baino, Ipar Atlantikoko esklabo-merkataritzaren historia osoan". Baina azken datu hori ez duzu topatuko Colston bun opilaren bilgarrian.
Otsailaren 3an amaitu da parte-hartze prozesua, We Are Bristol-ek egindako txostena argitaratzearekin batera. Bertan, herritarren iritziak jaso dituzte estatuaren etorkizunari eta haren idulkiari buruz.
13.984 lagunek eman dute iritzia, eta %74k esan du estatua museoan egotea nahi duela egun dituen grafitiekin, orain arte erakutsi den moduan. Halaber, estatuak eraitsi baino lehen espazio publikoan zuen lekua artelanekin eta aldi baterako jarduerekin erabiltzea gomendatu dute, eta batzuetan hutsik gera dadila ere. Colston goraipatzen duten jatorrizko informazio-plakak bere horretan uztea adierazi dute, baina beste plaka bat gehituta, zeinak estatua lehen aldiz zergatik jarri zen hor eta noiz erretiratu zen azalduko duen, baita honako esaldi hau jasota utzi ere: "XX. mendearen amaieran eta XXI. mendearen hasieran, Colston gero eta gehiago jarri zen zalantzan, Afrikako pertsonen esklabotzan izan zuen ardura nabarmenagatik".
Esklabo publikoak
Colstonen kasua are polemikoagoa izan da jakitera eman zenean herritarrek pagatu dutela, Colstonen esklaboak aske uzteagatik, 1833an estatuak emandako kalte ordaina –esklaboak kentzea kapitala galtzea zelakoan–. Horrela egin dute ordutik, urtero-urtero, 2015eko otsailera arte. Hau da, esklabistei emandako dirua herritarren poltsikotik atera da, 182 urtez. Hego euskal herritarrok 1996tik Lemoizko zentral nuklearraren kostua Iberdrolari ordaindu diogun gisan, argindarraren fakturan ezarritako zerga baten bitartez. Eta hara non, geuk ere 2015ean bukatu genuen ordainketa hori.
Bristolgo biztanleen %26k ez du estatua ikusi nahi hiriko museo batean. Horietatik, hiru laurdenak jatorrizko tokira, espazio publikora itzultzea nahi du, eta beste laurdenak estatua suntsitzea edo inon ez erakustea nahiago du.
Colstonen estatua eraitsi ostean sortu zen Save Our Statues (salba ditzagun gure estatuak) taldeak The Washington Post egunkariari adierazi dionez, "estatua bere egoera bandalikoan erakustea urrats probokatzailea da, eta gerra kulturala baino ez du elikatzen”. "Afera ez da Colston, lege eta printzipio kontua da", gaineratu du Robert Poll fundatzaileak.
Estatua eraistea begi onez ikusi dute
Estatua eraitsi izanaz duten iritzia ere galdetu die batzorde independenteak herritarrei: %56k sentimendu positiboa adierazi du eta %36k negatiboki ikusten du. Belaunaldi talka agerian geratu da gai horretan. Gazteak, oro har, Colston espazio publikotik kentzeko erabakiarekin bat etorri dira, eta zaharrenak (65etik gorakoak), aldiz, kontra. Adineko pertsona askok uste du errespetu handiagoa izan beharko litzatekeela legea eta tradizioarekiko, eta aldaketen erritmoa azkarregia dela. Batzordekideek harridura adierazi dute herritar beltzak, afrikarrak eta karibetarrak izan direlako –alde txikiarekin– eraispenaz iritzi positibo gutxien eman dutenak. Haien iruzkinek iradokitzen dute ez zaiela gustatu estatua botatzea legez kanpoko ekintzatzat hartu izana.
Herritarren ekarpen zehatzak ere jaso ditu txostenak. Pare bat adibide. Herritar batek adierazi du estatuaren inguruan hiria hain zatituta ikusten duenez, bitan zatitu beharko litzatekeela, estatuaren erdia museoan eta gainerakoa idulkian. Beste bristoldar baten ekarpena ondorengoa izan da: estatua itzul dadila jatorrizko lekura, baina berriz eraitsi eta bota dezatela portura urtean behin, "erritual zibiko" berri bat sortuz.
Gizartearen iritzia ezagutzera eman ondoren, azken urratsa udalaren esku geratu da. Bristolgo gobernua Marvin Rees laborista afro-ondorengoak gidatzen du, askoren harridurarako, oso jarrera epela erakutsi duena gaiaren inguruan. Apirilean erabakia hartu beharko du udalak batzordearen gomendioen gainean. Baina, edozelan ere, urrats aparta eman dute bristoldarrek eurozentrismo neokolonialaren aurkako borroka kulturalean.
Euskal Herrian ere badugu zer ikasia Bristolgo prozesutik, gustatu ala ez, bertsio ofizialek zuritutako Colstonez josita baitauzkagu bazterrak.
Egileak libre
Arrazakeriaren aurkako 21 eta 36 urte bitarteko lau aktibista, Rhian Graham, Jake Skuse, Sage Willoughby eta Milo Ponsford, The Colston Four deituak, akusatu zituzten estatua eraisteaz. Urtarrilean, hiriko epaitegi batean kalte penalengatik absolbitu egin dituzte. Lauek onartu zuten ekintzan parte hartu izana, monumentua lotsagabea eta gehiegizkoa zela argudiatuz, ezen “estatua bere horretan delitua baitzen”. Auzipetuekiko elkartasun kanpainak babes asko eta anitza jaso zuen, herri mailan eta nazioartean. Askoren artean, sonatuenetako bat izan zen Bristolen jaiotako Banksy artista ezagunak egindakoa: isilpean, kamiseta batzuk diseinatu zituen lau kideen alde dirua biltzeko.