argia.eus
INPRIMATU
660 langileko Eskirotzeko lantokia ixteko erabakia iragarri du BSHk, Nafarroan
  • 660 langile ditu ontzi-garbigailuak eta hozkailuak ekoizten dituen lantokiak. Astelehen goizean ezagutu dute Alemaniako zuzendaritzaren asmoa. Enpresa batzordeak langile asanbladara dei egin du.

Euskalerria irratia @fm983irratia Haritz Pascual Garjon 2024ko abenduaren 17a

Kolpe latza Eskirotzeko BSHko langileendako astelehen goizean goizetik. Alemaniako zuzendaritzak iragarri du 2025eko ekainean, lantokia ixteko asmoa duela. 10:30etatik bilduta dira langileen ordezkariak eta Eskirotzeko lantokiko arduradunak, egoeraren berri emateko eta itxiera prozesua nola izanen den argitzeko.

Itxieraren mehatxua buru gainean zuen lantokiak pasa den urtetik honat, baina sorpresaz harrapatu ditu langileak erabakiak. 2015etik honat erdira jaitsi da ekoizpena, BSH-k Turkian eta Polonian dituen lantegietara bideratu baitu bere produkzioaren zatirik handiena. Eskirotzeko lantokiari, estatu mailarako ekoizpena geratu zitzaion baina azken hilabeteotan, estatu mailan ere beste lantokietako produktua saltzen ari zen BSH.

Alemaniako zuzendaritzak ohar bidez iragarri du itxiera asmoa, “Eskirotzeko lantokiak ez duela lehiakortasunik” argudiatuta.