Aza jendea onenean dago. Azatarrak, egia esanda, beti onak, baina neguan onenak: hotzak barrenak mugitzen dizkio eta ez dakit zer gertatzen zaion baina hotzak pasatako azaren dasta hotzik pasa gabekoarena baino askoz ere gozoagoa da.
Hostoa jaten diegun azekin igartzen da gozatze hori: kofatzen den aza, azakoba, aza kobatua, aza-grama, aza-groma, aza-gurumea, edo errepolloa deitutakoa (Brassica oleracea var. capitata), aza zuria edo kukulu aza (Brassica oleracea var. capitata f. alba), aza zorrotza (Brassica oleracea var. capitata f. acuta), burutzen ez den Bitoriako aza, gallego aza, txakur-aza, ahuntz-aza, zaldi-aza, bazka-aza, zuhain-aza, hostotako aza, hostokatzeko aza, aza beltza, aza berdea edo aza ximatsa deiturikoa (Brassica oleracea var. viridis), aza berde kizkurra edo kale aza (Brassica oleracea var. sabellica), aza kizkurra, aza izurtua, aza izurra edo aza ximala (Brassica oleracea var. sabauda), aza gorria edo lonbardarra (Brassica oleracea var. capitata f. rubra) eta bruselaza (Brassica oleracea var. gemmifera).
Neguko solstizioa garai batean azaolioekin ospatzen zela aipatu lagunartean, eta hara non atera den hotzak azak gozatzen dituelako arrazoia. Ikasten ari gara. Agi danean gaueko hotzak eta areago izozteak azaren zaporea eraldatu eta hobetzen du hostoetako azukrea almidoi bihurtu ezean; horrela zapore atseginagoa lortzen da. Lan hori landarean dauden entzimek egiten dute. Landareak hotzarekin metabolismoa makaldu egiten du, entzimek azukrea almidoitzeko lana ere moteldu; aldiz, fotosintesiak jarraitzen du eta azukrea sortu eta sortu; horrela, landarea gozoago bihurtzen da.
Geurean sonatuak dira Oletako azak, onenak agi danean, han, izan ere, Aramaioko auzo horretan bada hotzetik… Izozte eder baten ondoren egun batzuk utzi eta jan azaolioa, aza-ilarra, aza-zopa, aza-kozina, aza-lapikoa, aza-leikoa edo aza-salda. Jan azatik.
Aza milaka urtean mahaian lagun izan dugu; gure aita zenak zioen trailerkadak aza jana zela eta gerora ez zuen ikusi ere egin nahi. Elkarbizitza hartatik gurdikada izen eta ezizen. Aza kirten kirtenari, buruhandiari azaburu, belarri xabalari aza hosto, pagotxa duenak aza gizenak egin ditu, ez ikusiarena egiten duenak azak eman, ziria sartu duenak azak jo, jo eta muturra txikitzean aurpegia azaorria bezala utzi, lehen gutxi eta azak ontzeko, musean eskua kentzen duenak eskuari azorria ematen dio… Eta galdu ditugunak.
Hotz punttua izan dugu eta jan dezagun bada aza, edozein aza. Osasunerako ezin hobea, urteari indarrez ekiteko. Eskerrik asko, aza anderea.