2022an 576 herritarrek eskatu zuten hiltzeko laguntza eta 288k lortu zuten Eutanasia Legearen babesa. 2021eko ekainean jarri zen indarrean legea eta, harrez geroztik, 749 pertsonak erabili dute. 2021ean 173 izan ziren eskaerak eta 75 izan ziren onartuak.
Urte eta erdian, beraz, Espainiako Estatuan 363 lagunek izan dute eutanasia bidez hiltzeko eskubidea, Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Hego Euskal Herrian 2022an 59 eskaera egon ziren eta 37ri lagundu zieten hiltzen.
Oro har, hiltzeko laguntza eskatzen duten herritarrak 60 eta 80 urte artekoak dira eta gaixotasun larriak dituzte, bai neurologikoak, bai onkologikoak. Datuen artean, halaber, aipagarria da laguntza hori eskatu zutenen herena eman aurretik hil zela. Hiltzeko laguntza eskatu dutenen artean, bestalde, oso gutxik egiten du atzera.
Eskaeren azterketa erkidego autonomo bakoitzeko Eutanasiaren Berme eta Azterketa Batzordeak bideratzen du, eta ukatutako eskaerak %20 baino gutxiago izan dira orain arte. Hala ere, eskatzaileak beti du batzorde beraren aurrean helegitea jartzeko aukera eta horien herenari azkenean baimena eman zaie.
Eutanasia eskatzen dutenen %14ak bere organoak dohaintzan eman ditu eta horiekin 135 transplante egin dira.