Abuztuaren 1etik aurrera, Frantziako Estatuan maskara derrigorrezkoa izango da leku itxietan, eta sintomarik edo gomendio medikurik gabe ere, eskatzen duen herritar orori egingo zaio testa. Hala iragarri du Emmanuel Macron presidenteak.
Testak biderkatuta, positiboak isolatu ahal izatea eta berriz ere herritar guztiak konfinatu behar ez izatea da asmoa. Hala argitu du Macronek telebistan egin dioten elkarrizketa batean. Izan ere, pandemiaren eragina “apur bat hazten” ari dela onartu du, eta bigarren olatua etor daitekeela.
“Jendea erlaxatzen ari dela ikusten ari gara eta datozen asteetan maskara derrigorrezko bihurtuko dugu leku itxietan”, adierazi du. Kanpoan, gomendiozko izaten jarraituko du.
Desorekarik gabeko konfinamendua?
Konfinamenduak desoreka ugari agerian utzi zituela onartu du presidenteak, eta horregatik, bigarren olatua etorriko balitz gobernutik beste modu batera aurre egiteko prestatzen ari direla azaldu du.