argia.eus
INPRIMATU
“Eskatzen dudan bakarra da geratzen zaigun denbora, eta ez da asko izango, etxean igaro ahal izatea; hainbeste eskatzea al da?”
  • “Zorra kitatzearen truke etxea eman nion bankuari 2017an eta eskatu nien bakarra izan zen alokairua ordainduz bertan bizitzen jarraitu ahal izatea. Berrogei urte baino gehiago daramatzat etxe honetan. Baietz esan zidaten, nahiz eta alokairu kontratuan jarri hiru urterako zela, bankuko zuzendariak berak agindu zidan kontratu estandarra zela, lasai egoteko, alokairua berritzeko arazorik ez zela egongo. Orain esan digute ez dutela kontratua berritzeko asmorik”, kontatu digu etsita Angel Miguel Medranok. Irungo etxetik kaleratuak izan daitezke Maria Oliva Corvo emaztea eta bera, 75 eta 78 urteko bikotea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urtarrilaren 12a
Angel Miguel Medrano, Stop Kaleratzeak elkarteko kideek lagunduta.

“Bankuko zuzendariari konfiantza eman nion, asmo onez ari zelakoan. Hitzez agindutakoari balioa ematen diot nik eta etsita nago, hilero-hilero ordaindu dut alokairua eta orain eskutitza iritsi zait esanez kontratua bukatu dela eta ez dutela alokairua berritzeko asmorik. Stop Kaleratzeak elkartera jo ostean, elkarteak berak hitz egin du haiekin, eta berretsi diete ez dutela kontratua berritzeko asmorik”, azaldu digu Medranok. Urtarrilaren 24a dute azken eguna, eta kontratua berritzea lortzen ez badute, kaleratze agindua etorriko litzateke.

Medranok zuen enpresaren ardura semeak hartu ostean, Sabadell bankuan mailegua eskatu zuten enpresaren beharrei erantzuteko, baina negozioak ez zuen aurrera egin eta maileguaren abal gisa gurasoen etxea jarri zutenez, bankua geratu zen etxearekin. Zehazki, Sabadellek eskuratutako etxebizitzak kudeatzen dituen Solvia higiezinen agentzia dago aferaren atzean.

Emazteak biriketako minbizia du, metastasiarekin, “ez dakit zenbat gehiago iraungo duen”, dio Medranok. “Eskatzen dudan bakarra da geratzen zaigun denbora, eta ez da asko izango, etxean igaro ahal izatea, hainbeste eskatzea al da? Ez dugu etekinik ez ordainik nahi, etxean segi baino ez. Inoiz ez nuen pentsatu egoera honetan ikusiko nuenik nire burua”.

Gaur egungo legediari jarraiki, zazpi urteko alokairu kontratua eskatzen dute, alokairua beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkartearekin presioa egiten ari dira, hori lortu ahal izateko.

Neguan eutsi eta ondoren kanpora? Ez, eskerrik asko

Stop Kaleratzeak elkartean babes handia aurkitu duela adierazi digu Medranok. Espainiako Gobernuak berriki onartu du Estatuan ezingo dela jendea kaleratu alarma egoera bukatu arte, alegia maiatzaren 9 arte. Rosa Garcia Stop Kaleratzeakeko kideak argi eta garbi esan digu ez dutela aukera horretara jotzeko inongo asmorik: “Orain etxean geratu hemendik hilabete gutxira kaleratu ditzaten? Ezta pentsatu ere. Zazpi urte eta alokairua luzatzeko aukera, hori da borrokatuko duguna”.