argia.eus
INPRIMATU
Eskatu gabe kantuak opari
  • “Berrasmatzeko” urgentziak jota geratu ziren konfinamenduaren hasieran musikari, sortzaile eta artistak. Euren bizitzentzat desastre finantzarioa zena, aukera gisa ikusi du askok, euren ibilbidea elikatzeko bederen. Eragile eta hedabide askok ere, berrasmatzeko grina garaikide sutsu horri ateak ireki eta eskatu ditu etxean egindako bideo eta kontzertuak saldoka –eta musutruk, noski–.

Xalba Ramirez @xalbaram 2020ko maiatzaren 22a

Gartxoti inork ez dio ezer eskatu. Sortzeko grina darama zainetan. Eta bistan da. 2017ko Bakarrik Hobeto Fest jaialdian UP! filmeko txakurraz mozorrotuta igo zen Donostiako Bukowski tabernako taula gainera eta ordutik beti dabil txakur buru batekin mozorrotuta (“beti”, abesten duenean noski). Eta ordutik bizaldi proiektuan egiten duen bezala, beste hizkuntzetatik datozen kantuak libreki euskaratu eta bere moldaketa egiten du.

Lerro hauek idaztean 90. bertsioa igo du Youtubera Gartxot Unsainek Kuarentena sessions izenpean. Frank Ocean-en bertsioa, Iñigo Serrulla donostiarrarekin batera. Orain arte egindako lan ekoiztuena izan da, produkzio elektronikoa eta reverba lagun. Baina denetarik eskaini digu: Alex Ubago, Bon Iver, Maria Arnal eta Marcel Bages, Grises eta Cohen euskaraz, Billie Eilish, Tame Impala... Bere Youtube kanalean dituzu denak, Aserejé barne!

Errepikatuko dut: 90 bertsio egin ditu Gartxotek bi hilabete eskasetan. Batzuk landuagoak, batzuk sinpleagoak. Baina zer inporta du horrek? Kantak jolasteko erabili ditu, bere mezuak botatzeko, bere aldarrikapenak eta egoera zail honetan burura etorritako gogoetak eskaintzeko. Bat baino gehiago gara berari esker musika ederra deskubritu dugunak. Eta hitz ederrez gozatu dugunak: sormena “izatetik ta ez izateko”.

Gorka Bereziartuak honela kontatu zuen duela gutxi ARGIAn kultura arloan bizi dugun antsietateaz gogoeta egiteko: “Bizitzen prekarizazio masiboak, segurtasun ekonomikorik ezak, isolamendu sozialak eta etengabeko bitartekaritza teknologikoan ardaztutako sozializatzeko modu berriek ezinegon konstantean bizi den gizartea sortu dute”. Eta horrek kulturgintzan eragina duela, konfinamendu garaian biderkatu diren streaming kontzertuak lekuko.

Onartzen dut, ez ditut igotako kanta guztiak entzun. Kontsumoa inoiz baino masiboago den arren, eskaintza ere inoiz baino masiboagoa delako. Masiboegia. Eta horregatik merkatu logikek ezberdin dute funtzionatzen kulturaz, musikaz edo arteaz hitz egitean (“Merkatuko ipar danak egoen mende”). Eta horregatik dira Gartxotenak bezalako esperimentuak horren eder. Doan ematen direlako, edo hobe esanda, ez dutelako trukean ezer espero.

PD: Bakarrik Hobeto Fest gehiago ez da egingo oraingoz. Ez COVID-19agatik, aurretik ere bagenuelako kultura pribatizatu eta eszena ez-komertziala suntsitu nahi duen birusa gurean.