argia.eus
INPRIMATU
“Eskandalu publikoa” salatu eta erantzukizunak exijitu ditu Zaldibar Argitu-k
  • Zaldibarko zabortegiko luizia gertatu zenetik bost hilabete pasa direla, ehunka lagun batu dira Eibarren, egia eta erantzukizunak exijitzeko.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 06a

Zaldibar Argitu herritar plataformaren deiari erantzunez, ehunka lagun batu dira uztailaren 4 honetan Eibarren. Bost hilabete pasa dira luizia gertatu zenetik eta oraindik zaborren azpian desagerturik segitzen dute Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileeek. Hori horrela, egia eta erantzukizunak exijitu dituzte Eibarko kaleetatik.

Gertatu dena “eskandalu publikotzat” du Zaldibar Argitu-k, arduradun nagusitzat Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Iñaki Arriola Ingurumen sailburua aipatzen dituelarik. Bertaraturikoek ere argi dute: «Arriola dimisión» eta «Zaldibar argitu, gezurrik ez», “PNV-PSOE, diruaren morroiak” oihuak entzun ziren manifestazioan zehar.

Salatu egin dute ere zabortegiaren azpiko aldean zakarrak zigilatzeko Verterrek proposatutako biltegiari jarraipena emateko baimena ematea Jaurlaritzak: «Esaten dute [langileen] bila dabiltzala, eta aprobetxatu dute zabor gehiago sartzeko. Haien interesak defendatzen ditu Jaurlaritzak».