argia.eus
INPRIMATU
Eskalera goitikoan gogoeta laxoak
  • R= P x Q. Hauxe formula berezia. Lurramako eskailer automatiko luze hura jautsi orduko ikasi duguna. Paper banatzen ari zen laguntzaile batzuek salatu daukutena. Lehen bezala orain ere hiru hizki horien artean kokatua omen baitago laboraria. Irabazia ateratzen da preziotik eta kantitatetik. I = P x K hain segur gure hizkuntzan.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2014ko azaroaren 25

Erran nahi zaukuten naski gure etxaldetan abiatzen den laborari berri edo gazte zenbait nekez dabiltzala, prezioak tinkatuak baitira aspaldian, gutieneko kantitatea segurtatu behar baita irabazia ateratzekotz…

Jakina da naski, baina zergatik ez aipa berriz. Bestelakoa da ofizialeen ala industrialarien arrazoinamendua.

Begiratzen dute zenbat gostako zaien, zenbat lehengai eta zenbat lan, eta ahalaz gosta saria baino gehiago salduko dute, merkatuak laguntzen badu, lantegiaren iraupena bermatzeko, eta menturaz hiru sos baztertzeko.

Ofiziale ala lantegi, lan eta lehengai sariak ez badira ordaintzen ahal, eneguak laster, aterabideak kausitu behar berehala, edo akabo enpresa.

Ezberdina iduri du laborantzak. Saltzapen zuzeneko aldi bakan batzuetan salbu, ez du gehienetan laborariak deliberatzen nolakoa izanen den prezioa. Eta kantitatea ere mugatzen diote hainbeste arrazoinek, bereziki eskupean daukan etxaldearen neurriak berak!

Ahantziko genuen, diru laguntzak badira laborarientzat ere. Ala fede, baina etxaldearen neurriaren araberakoak dira gutiz gehienetan, haundiago etxaldea eta nasaiagoak laguntzak. Diru laguntza apurrak ttipientzat, edo diru laguntzarik batere ez! Bada beraz etxalde frango doi doia xutik dagonik, irabazi murritza eskaintzen baitio laborariari, baina esker zabala merezi baitu jendartearen ganik.

Gosta saria eta lana ordaindu beharko zaizkio noizbait laborariari ere, ekoizpen kantitate handiegiak bere kalteak baitauzka. Eta irabazia prezioaren edo laguntzen emendiotik atera beharko baita : Re = Puñeta + Qoño !