argia.eus
INPRIMATU
Eskalatzaileen esperientziak prisma feministatik begiratuta
  • Ikerketa Feministak eta Generokoak Masterraren amaierako lana egiteko lau emakume eskalatzaile elkarrizketatu zituen, baina, lana motz geratu zitzaion eta unibertsitateko loturetatik askatzean, ikerketarekin jarraitu nahi zuela erabaki zuen, bere erara. Escalantes (Gehiago Edicions, DDT Liburuak, 2021) da bide luze horren lehen tontorra –ez baita hor amaitzen– eta aurkezpenetan murgilduta aurkitu dugu Maria Francisca Mas Riera idazlea, Bilboko San Inazio auzoan bizi den mallorcarra.

Uriola.eus @uriolaeus Jone Gartzia 2022ko urtarrilaren 12a

Eskalatzen duten 20 emakume elkarrizketatu ditu Maria Francisca Mas Rierak, eta Escalantes izeneko liburuan jaso euren testigantzak. Ikerketa feminista egin nahi izan du emakumeek eskalatzean dituzten bizipenen inguruan, memoriari eta narratibei garrantzia emanez eta metodo kuantitatibo eta androzentikoetatik aldenduz.

200 orriko lan sakona da emaitza, dagoneko hainbat tokitan eskuratu daitekeena: @escalantes.libro Instagram kontuan, idazlearekin zuzenean harremanetan jarriz, DDT Banaketaken dendan edo Zirikako herri dendan. Irakurtzeko beta hartzen duenak eskaladaren munduko 20 emakumeren kontakizunak jasoko ditu, zelan bizi duten eskalada, zer ematen dien...

Elkarrizketatuak adin, jatorri eta testuinguru desberdinetakoak badira ere, idazleak argi utzi nahi izan du ez direla ezeren adierazgarri, 20 elkarrizketarekin ezin dela ondoriorik atera eta analisirik estrapolatu. Hala ere, protagonista denek badute zer komunean: eskaladak guztiz markatu du euren bizitza eta denek pairatu dute indarkeria motaren bat, sotila irudituagatik ere (esaterako, bide bati gradua jaistea emakume batek kateatu duelako).

Izenburuak iradokitzen duen bezala, egileak ez dio generoari erreferentziarik egin nahi, baizik eta izate eskalatzaileei. Lanean emakumeen esperientziak oinarri hartzen baditu ere, pertsonari eman nahi dio garrantzia, ez jaiotzean zein genero atxiki zioten. Horregatik, kategoria hori problematizatzeko apustua egin du.

Escalantes zortzi ataletan dago banatuta, gaika. Gorputzaren inguruan, eskalatzaileen irudikapenen inguruan, eskaladaren onuraren inguruan, amatasunaren inguruan, mugen inguruan... jarduten du protagonisten kontakizunetatik abiatuta. Lana gaztelaniaz idatzita dago batez ere, baina katalanez aritutakoen hitzak hizkuntza horretan mantendu ditu.

Eta jarraituko du

Orain haurrentzako liburu batean ari da lanean Mas Riera, eta aurrerantzean gai honekin lotuta ikus-entzunezko lan bat egiteko asmoa ere badu. Finean, bere helburua eskaladaren inguruko emakumeen bizipenak mahai gainean jartzea da, eta, horrela, eskalatzen dutenek eta eskalatzen hasiko direnek erreferenteak izan ditzaten eta bizipen horiekin identifikatzeko aukera izan dezaten. Aurrerantzean identitate disidenteak lantzea ere gustatuko litzaioke eta ikerketaz gain hausnarketan eta kritikan sakontzea: “Oso ondo dago emakumeen historia jasotzea, baina kritika bat ere egin behar da”. Horretarako, zigilu propioa sortu du: Gehiago Edicions.

Lana Dortoka Inprimategian inprimatu dute, eta DDT Banaketaken eta Gehiago Edicionsen arteko koedizioa da. Jende askok hartu du prozesuan parte, eta guztiekin eskertuta dago Maria Francisca.