Maiatzaren 4an Baionako Santa Izpiritu auzoan abiaturiko okupazioaren berri eman dute hamar bat gaztek aste honetan. Maurizia izena jarri diote guneari eta etxebizitzaren arazoari begira aterabide izateaz gain, proiektu sozial eta kulturala ere dute marrazturik. Herriko Etxearekin harremanetan dira, adostasun batera heltzeko asmoz.
Okupazioaren bidea lehenetsirik plazaratu dute etxebizitzaren arazo larria hamar bat gaztek. Maiatzaren 4an sartu ziren Baionako Santa Izpiritu auzoko eraikin huts batera, eta hortik bi astera publiko egin dute ekintza. Aterpe beharra asetzeko okupatu dute 2015az geroztik hutsik zen eraikina.
Maurizia izena jarri diote guneari. Etxebizitzez gain, eskaintza kultural eta soziala proposatzea dute xede: irrati, kontzertu gela, sukalde, liburutegi ala beste. Horrez gain, urgentziazko etxebizitzak ere nahi lituzkete bertan, eta horretarako Atherbea egiturarekin garatu nahi lukete elkarlana. Izan herritarrekin, zein kolektiboekin, elkartasuna iparrarrotz harturik, elkarlanean eraman nahi dute proiektua.
Nahiko baikor mintzatu da Euskal Irratietan okupatzaileetariko bat: Herriko Etxearekin harremanetan dira eta adostasun batera heltzea espero dute. Etxe hutsen problematikaren aitzinean, trantsiziozko hirigintza egiten ari direla azaldu dute okupatzaileek prentsaurreko bidez: "Eraikin ala etxe huts bateko proiektua eginarazteko denbora behar denean, leku honen okupatzea".
Alta, okupazioaren berri eman duten egunean berean, maiatzaren 16an, ukan dute Poliziaren bisita. Ezin izan dituzte kanporatu, eraikinera sartzeko orduan ez dutelako aterik hautsi. Justiziako uxer bat ere egon da, eraikinaren jabe den EPFL Lurraren egitura publikoko ordezkari batekin. Okupazioa konstataturik, kanporatze prozedura legala abiatuko dutela jakitera eman dute.
2015az geroztik hutsik da eraikina. Aturri ibai eskuinaldea proiektua martxan jarriko duela iragarri zuen Baionako auzapez Jean-Rene Etxegaraik apirilaren 24an. Baionako geltoki inguruetako auzoaren geroa gogoetatzen dabiltza, eta herritarren iritziak bildu nahi ditu Herriko Etxeak. Hori horrela, Maurizia gunerako landuriko proiektu sozial eta kulturala ezagutarazteko determinazioa dute okupatzaileek.