argia.eus
INPRIMATU
Eskaintza kultural zein sozialerako eraikin bat auzolanean eraberritzen hasi dira Pasai Antxon
  • Auzolanean garai batean laborategia izan zen eraikina ekintza sozial zein kulturalak eskaintzeko gune publikoa bihurtzeko asmoa dute. Luzuriaga martxan izena jarri diete herri ekimenari.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 12a
Eskaintza kultural zein sozialerako eraikin bat auzolanean eraberritzen hasi dira Pasai Antxon

Joan den larunbatean auzolanari ekin zioten eta laborategi ohia txukuntzen hasi dira, proiektuari hasiera emateko. Proiektuan parte hartu nahi duen Pasai Antxoko zein Pasaiako herritar orori auzolanera gerturatzeko deia luzatu diete.

Herritarrak auzolanean eraikina txukuntzen.

Herrian ekintza sozial eta kulturalak aurrera ateratzeko gunerik ez dutela aldarrikatuz, Luzuriaga behar horiek asetzeko erabili nahi dute. “Helburu hauek lortzeko parte hartzean oinarrituko gara, dinamika kultural eta soziala sortuz”, azaldu dute ekimenaren sortzaileek. Guneak izaera publikoa izango du eta ekimenean euskarak pisu handia edukiko duela adierazi dute.

Ekimenak Pasai Antxoko Historia Mintegiak egindako ekarpenean du jatorria, non bertan herriak duen ondare zein beharren inguruan gogoeta egiten duen. Beste hainbat eragilek herriko beharren inguruan hausnartu ondoren, Luzuriaga ekimena aukera ezin hobetzat hartzen dute, gaur egungo egoera ekonomiko zein sozialari erantzun bateratu bat emateko.

Harremanetan jartzeko, ekimenaren nondik norakoak eta informazioa jasotzeko, Twitter eta Facebook bidez jarrai daiteke ekimena.

 

Tania Trezetenak dira albistea ilustratzeko erabili ditugun argazkiak. Bere webgunean argazki gehiago.

Auzolana Luzuriagan.

ETBko EHZ saioan proiektuari buruz aritu ziren.