argia.eus
INPRIMATU
ESK sindikatuak Tubos Reunidos enpresako lan-erregulazio espedientearen “iruzurra” salatu du
  • Enpresak ABEE bat aplikatzen du, soldata murrizketak, plantillaren langabeziaren kontsumoa eta gastu publikoen igoera dakarrena, nahiz eta irabazi errekorrak izan. Gainera, malgutasuna handitzeko, plantillari "xantaia" egiten diola adierazi du sindikatuak prentsa oharrean.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 23a
Amurrioko Tubos Reunidos. Argazkia: ESK sindikatua.

Aurtengo lehen seihilekoan 54,5 milioi euroko mozkin garbia lortu Tubos Reunidos enpresak, 87 milioiko EBITDA, 333 milioi negozio-zifra, eta %36ko hazkundea. Enpresak "merkatuaren aurreikuspen txarren” ondorioz, sei hilabeteko aldi baterako lan-erregulazioa ezarri du, lanaldiaren %50eko gehieneko eraginarekin Amurrioko lantegirako. Seihilabeteko "sprint"-aren ondoren, enpresak geldiarazi du, hainbat hilabeteko "koltxoia" jasoz, egiteke zituen inbertsioei ekiteko. ESK sindikatuaren arabera, merkatuko unerik gozoena aprobetxatu dute, eta prezioen jaitsierarako utzi dira urte honetarako planifikatutako obrak.

ESKk salatzen duen moduan, "hori guztia oso zilegi izango litzateke, plan horren ordaintzaileak langileak izango ez balira, soldaten murrizketekin eta langabezia-prestazioaren gastatzearekin, bai eta herritar guztiak ere, SEPEk egin beharko dituen ordainketekin".

"Soldata-osagarriak, trukerako txanpon"

Gainera, sindikatuak salatzen duenari segi, soldata-osagarriak eskaintzen dituzte "trukerako txanpon" gisa, aldi baterako lan-erregulazioa eta enpresak azaldutako arrazoiak onartzeko. Aurreko hilean enpresa-batzordearekin (UGT-LAB-CCOO) sinatu zuen hitzarmen kolektiboaren zati batzuk berriro negoziatzera eramateko erabili nahi izan ditu enpresak.

ESK-k ERTE hau enpresaren esku dagoen tresna gisa ikusten du, hitzarmen kolektiboan lortu ez zuten malgutasuna lortzeko: "Bada garaia administrazioak nahikoa dela esateko, eta akziodunen poltsikoak gizendu eta dibidenduak sortu nahi dituen enpresarekin kontuak eskatzeko", salatu dute sindikatutik. Erakundeak "konplize" direla adierazi dute, prozesu horien gainbegiratze aktibo eta sakonagoa ez dutelako egiten, eta gobernuak ez duelako frenorik ipintzen horrelako praktikak gelditzeko.